Ismael Manterola
BEGIZ

Convenerunt in unum

2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Harrituta nago Guggenheim museoaren 25. urteurrenaren ospakizunak ekarri duen aldeko iritzien batasunarekin. Bilboko museoarena miraria da, dena argi distiratsua eta zalantzarik gabeko arrakasta lortu duen eredua. XIX. mendearen erdialdean Lourdesen, XX. mendearen bukaeran Bilbon.

Mirarietan sinisten ez duen ni bezalako eszeptiko batentzat eta denbora tarte batez kritikari lana egin duenarentzat, zaila izan da hainbesteko adostasunaren baikortasuna sinestea. Hain zuzen, urriaren 18an museotik bertatik bueltan nentorrela, aukera izan nuen Espainiako telebistako La2 kateak museoari buruz egindako dokumentala ikusteko. Programak ondo baino hobeto laburtzen zituen egun guztian (eta aurreko egunetan) entzundako laudorio eta alabantzak (Ama Birjinari egindakoen antzekoak, bai). Kazetaritza lana baino gehiago propagandarako publirreportajea ematen zuen ikus-entzuneko horretan ez zegoen hura proiektu perfektua zela ukatzerik (Ama Birjina bezala, bai); ez eredu baten aldeko interes ekonomikorik, ez itzalik kudeaketan, ez New Yorkeko erakundearekin sekretupean dauden kontratuen aipamenik, ez 283 eguneko garbitzaileen grebarik, ez hezitzaileen grebarik, ezta egun hartan zabaldu zen erakusketari egindako kritikarik, ez artisten iritzirik, ez hiriko eraldaketak bazterrean edo alfonbra azpian ezkutatu dituenen gaineko iritzirik, ez San Frantzisko kaleko irudirik, ez Abusukorik, ez Otxarkoaga edo Zorrotzaurrekorik, ezta hiriko alde zaharrean etxebizitzen prezioek izan duten gorakadaren inguruko iritzirik ere. Dena titanioaren distira miraritsua. Dokumentalaren irudiak ikusita, norbaitek sinistuko luke bilbotarrak Ibaizabal ibaian bainatzen direla udako egun epeletan, atzean Gehryren eraikuntza duten bitartean, eta 1997tik aurrera ezti eta urre aroa bizi izan dugula Euskal Herrian.

Ukaezina da Guggenheim museoak hiria biziberritzeko izan duen eragina, baina museoko zuzendariak aipatutako 100 milioiko inbertsioa baino gehiago kostatu da hori, eta kazetaritza lan serio batek alderdi horiek guztiak jaso beharko lituzke. Eraikuntza ederra da, baina edukiontziaren barrukoa kritikatzeko modukoa da. Hain zuzen, horixe da museoaren ospakizunetik atera dudan ondorioa: izpiritu kritikoaren galera. Nire lan esparrua den unibertsitatearen helburuetako bat hiritarrak espiritu kritikoan heztea omen da. Zoritxarrez, Guggenheimen kasuan dena fede kontura mugatu da: mirarian sinistu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.