Ismael Manterola
BEGIZ

Bagara

2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Durangoko Azokaren harira, Pamielak argitaratzen duen Bagara saileko bigarren liburua aurkeztu da egunotan; oraingo honetan, Maria Paz Jimenez artistari eskainitakoa. Garazi Ansak zuzentzen du saila, eta haren helburua emakume artisten memoria berreskuratzea eta umeen artean zabaltzea da, ilustratutako ipuin liburuen bitartez.

Hala ere, nire ustez, asmo hori gainditzen du ekimenak, eta, umeentzako ez ezik, edozein pertsonarentzat dira baliagarriak jendearen aurrean pixkanaka aurkezten doazen liburu horiek. Alde batetik, ilustratutako liburuak direlako, eta ez dut uste umeek bakarrik izan behar dutenik publikoa, eta, bestetik, testuak ipuin moduan kontatutako istorioak izan arren, helduok ere gustura irakurriko ditugulako.

Saileko lehenbiziko liburua Esther Ferrerri eskainitakoa izan zen. Horretarako, Aintzane Usandizagaren testua eta Aran Santamariaren ilustrazioak erabili zituzten. Esan behar dut liburua ederra iruditu zitzaidala, bai proiektuak berak zuen asmoagatik, baita idazlearen eta ilustratzailearen lanagatik ere.

Onartu behar dut asmo dibulgatzaileak asko interesatzen zaizkidala. Artearen bokazio publikoa ez da erakusketetan amaitzen, eta Bagara saila bezalako ekimenek balio handia dute, batez ere, ezezagun xamarrak diren edo itzalpean geratu diren artista batzuk ezagutzera ematen dituelako era alai, gustagarri eta zorrotzean. Gainera, artistak ezagutaraztearekin batera, beste artelan bat sortzen da liburuarekin, idazleak eta ilustratzaileak lan sortzailea egiten dutelako artista batean inspiratuta.

Lehen aipatu dudan bezala, aurreko astean bigarren liburua aurkeztu zen Durangon. Maria Paz Jimenezi buruzko liburuak Elena Olaberen testua eta Irrimarra kolektiboaren irudiak ditu. Bildumaren lehenbiziko alea bizirik dagoen artista bati eskainitakoa bada, bigarrena orain dela urte asko hil zen artista bati eskainita dago, eta, gainera, flamenko dantzaria zen ahizparekin elkarrizketa moduan aurkeztu dute. Bi sortzaile, bakoitza bere esparruan, bi emakume, ijitoak biak. Badirudi ez genukeela horri buruz hitz egin behar normalizatutako egoera batean, ez baitu garrantzirik artea emakumeak egiteak edo egiten duena ijitoa izateak. Hala ere, badakigu hori ez dela egia, emakume izateagatik eta ijito izateagatik gizarteak ez dituelako aukera berak eskaintzen, eta oraindik ere azpimarratu behar dugu artista bat emakumea dela eta bazterketa jasaten duela arraza desberdinekoa izateagatik.

Bagarak iragarri du hurrengo liburua, Rosa Valverderi eskainitakoa. Horrek itxiko du proiektuaren lehen fasea. Hiru artista, hiru idazle, hiru ilustratzaile. Espero dezagun azkena ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.