Haizea Barcenilla
BEGIZ

Harreman toxikoak

2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Egunean hainbat alditan begiratzen dut emaila, berrien zain. Izan ere, hainbat fronte ireki ditut: doktoregai baten bekaren ebazpena, doktore-osteko beste ikerlari baten balizko kontratu bat, eskatu dugun ikerketa taldearen onespena, ebaluatzera bidalitako artikulu bati erantzuna... Laster, gainera, prestatu beharko ditudan beste deialdi batzuk irekiko dira (ikerketa-egonaldiak egitera edo kongresuetara joateko dirua eskatzekoak, adibidez). Hala ere, zortea izan dut aurten, ez zaidalako ez bosturtekorik ezta seiurtekorik eskatzea tokatu (meritu akademikoen arabera soldata osatzen diguten osagarriak), ezta Dozentiaz-era aurkeztea ere (irakasle jarduna ebaluatzen duen programa). Akreditaziorik ez dut eskatu behar izan (postu iraunkorretara aurkeztu ahal izateko behar den merituen balorazioa, kalitate agentzia batek egina); hortaz, ezin naiz gehiegi kexatu: lankide batzuk askoz ere estresatuagoak egon dira urte hasiera honetan. Dena den, tentsioak dirau.

Lehen paragrafoa hizkuntza sekretu batean idatzia dagoela dirudi. Hein batean hala da: unibertsitatean lan egiten dut, eta honen dinamika iniziatuentzako erritu bat da. Ez uste goian deskribatzen dena salbuespena denik; urte osoa ematen dugu horrela, deialdiz deialdi, bakoitza bere metahizkuntza eta zailtasunekin, eta urtero errepikatzen da performancea. Batzuetan kostatzen zait ulertzea nondik ateratzen dugun klaseak prestatzeko edota ikertzeko denbora. Aldiz, ziur dakidana zera da: unibertsitate-sistemak irakasleak harreman toxiko batera behartzen gaitu, etengabe tentsioan gaituena, urduritasunez eta adrenalina-kolpez bizitzera kondenatzen gaituena. Badakigu ez dela harreman osasuntsua, baina ez dugu aldatzeko indarrik: harremanak berak kentzen digu.

Antzeko moduan ibiltzen dira artea egiteaz bizi nahi duten sortzaileak. Une oro daude deialdi berri baten zain, aurkeztu duten proiektu bati erantzuna noiz iritsiko, edo epe motzegian justifikatu behar duten proiektu baten paperak biltzen. Zenbaitetan, deialdi desberdinetan aldi berean eskatzen dituzte proiektuak, denak lortuko ez dituztela pentsatuta; zelako ikara guztiei baietza jaso eta sei hilabetetan bi urteko lana egin behar denean. Baina, aldi berean, ezin aukerei uko egin, datorren urtean berriz suertatuko ote diren jakin gabe.

Kultur erakundeek sortzaileei ezartzen dietena bada ere harreman toxikoa. Alde batek erritmoak eta baldintzak markatzen ditu, eta besteak jarraitu behar, arrastaka bada ere. Sortzaileek ere, nondik ateratzen dute sortzeko denbora? Haien zein geure kasuan, gure denbora eta emozioak sistemak menperatzen ditu, eta ahiturik uzten gaitu harreman toxiko horren tiraniari aurre egiteko. Neoliberalismoa omen deritzo harreman mota honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.