Haizea Barcenilla
BEGIZ

Sarien tranpa

2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Orain dela aste pare bat Goya sariak banatu ziren. Sorogoyenen As bestas filmak jaso zituen sari nagusi ia guztiak. Deigarria izan zen halako gailentasuna pelikula bikain asko zeuden urte honetan. Alauda Ruiz de Azuak saria lortu zuen zuzendari berrientzat atal berezi bat dagoelako. Carla Simon, aldiz, Alcarrás bigarren filma zuenez, kategoria nagusian lehiatu zen, eta ez zuen sari bat bera ere eraman. Bereziki deigarria da bere kasua: Berlinalen irabazi duen pelikulak bere estatuko sari bat ere ez jasotzea ezin zaigu normala iruditu.

Ez naiz zineman aditua, baina arteko zenbait epaimahaitan egon naiz eta beste zenbait ikertu ditut, banaketetan zein faktorek eragin zuten ikusteko. Nire ondorio pertsonala da ez zaizkidala sariak gustatzen, ez dudala uste sorkuntzaren errealitatea erakusten dutenik. Goya sarien banaketak iritzi hori baieztatu eta indartu du.

Hasteko, sarietan konparaezinak diren lanak konparatzera behartzen gaituzte, eta bata bestea baino hobea dela zehaztera. Benetan da As bestasAlcarrás baino hobea? Baina, kontrara ere, AlcarrásAs bestas baino hobea da? Biak film zoragarriak dira, zeharo desberdinak. Biek merezi dute errekonozimendua. Sarietan, ordea, desberdintasunaren balioa indartu beharrean, homogeneizazio faltsu bat gertatzen da, baten gailentasuna behartuz.

Bestetik, zeinek erabakitzen du? Jakina da epaimahaia erabakigarria dela sariak alde batera edo bestera joateko orduan. Adibidez, Gure Artea sarietan erraz egin daitezke kinielak epaimahaia ezagutzera ematen denean. Ikertuta dago gizonak nagusi diren epaimahaietan sariak ere gizonei ematen zaizkiela nagusiki. Antzera epaimahaian belaunaldi edo joera artistiko jakin bateko kideak badaude. Orokorrean, sariak sisteman barneratuta daudenen arteko errekonozimendua dira, edo, kasurik hoberenean, sistemaren mugetan dauden eta sistemak barneratu nahi dituen lanen aurkezpena.

Bestalde, genero ikuspegitik, nire esperientzia zera da: gehienetan, gizon ezagun bat aurkezten bada, erdipurdiko lan batekin bada ere, ezin zaio saria emakume bati eman. Gizon horri kentzen zaiola dirudi; maila bereko gizon bat eta emakume bat egonik, saria gizonari ez ematean injustizia egiten zaiola sentitzen dute batez ere belaunaldi bateko gizon epaimahaikideek. Kontrara egitea, aldiz, ez da problema: emakumeekiko justizia izaki mitologikoa omen.

Eta azkenik, ez dugu ahaztu behar sariek dirua ere ekarri ohi dutela, kopuru handietan maiz. Bakarrari emanez gero, edo Goya sarietan bezala sari asko lan berari esleituz, proiektu batzuk ekonomikoki hornitzen dira eta beste batzuk hutsik uzten dira. Ez litzateke hobe ohorea zein dirua askoren artean banatzea? Agian bada errekonozimendurako beste bide batzuk bilatzeko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.