Ismael Manterola
BEGIZ

Miroren errealitatea

2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bi marra, izar urdina, aurpegi antzeko bat eta behatz handiak dituen hanka, guztia hondo zuriaren gainean. Besterik ez. Sinpletasuna eta eraginkortasuna 65x81 zentimetroko koadro batean. Joan Mirok harrituta uzten gaitu horrelako lanekin. Ez da zaila egiteko, ez da zaila ulertzeko, baina zailtasun handia izango genuke egin nahiko bagenu edo azaldu nahiko bagenu. Artearen bikoiztasun horrek erakartzen gaitu Guggenheim museoan ikusgai dagoen Joan Miro. Errealitate absolutua. Paris 1920-1945 erakusketan.

Artistaren garai emankorrena izan zela ezin da ukatu. Bertan azaldu ziren gero Mirorenak egiteko eratzat ditugunak: landutako hondo lauak, forma sinple koloreztatuak (urdinak, gorriak eta beltzak batez ere), marraz osatutako oinarrizko formak (lerroak, izarrak, puntuak, buztan antzekoak, eta abar). Ezaugarri hauek betiko geratu ziren bere pinturan, eta Bartzelonatik eramandako figurazioak abstrakziorantz egin zuen bidea ondo baino hobeto ikusten da erakusketaren lehendabiziko atalean. Hasierako irudi haiek guztiek gorputza eta bolumena galdu zuten minimora laburtzeko. Marra batek eta kolore batek koadro bat bete badezakete, zertarako gehiago? Historiaurreko zein umeen pinturek sinplifikazio horretarako bidea erakutsi zioten. Lan horiek harritzen bagaituzte, zertarako gehiago konplikatu?

Hain zuzen, berezia da ikustea umeek duten erraztasuna Miroren artearekin bat egiteko. Bisitaldian topatutako ume txikien erantzunak harritzekoak ziren gidariak egindako galderen aurrean. Ez zegoen helduek sarritan egiten dugun protestarik («ez dut ulertzen, zer esan nahi du?», «4 urteko ume batek egingo zukeen»...), umeek berehala ikusten zuten Mirok adierazi nahi zuena. Pintura mota hori ez zen harritzeko modukoa haientzat; marrak eta koloreak ezagunak dira haientzat. Eskuak kolore orean bustitzea eta koadroaren kontra jartzea eskolan egiten duten ohiko ariketa da. Beltzez osatutako zirriborroa (txarrimotoa, txikitan esaten genuen modura) ez da arraroa haientzat. Koadroan zehar sakabanatuta ikusten zituzten letrak batere arazorik gabe irakurtzen zituzten.

Gozamena izan zen umeek Miroren koadroen aurrean zuten jarrera ikustea; hain zuzen ere, gozamena izan zen Miroren erakusketa hain interesgarria eta txukuna ikustea. Artelan ezezagun asko ikusteko aukera emateaz gainera, ondo antolatutako muntatzea iruditu zitzaidan. Kronologiak lagunduta, baina gehiegi oztopatu gabe, erakusketaren arduradunak antzeko hainbat koadro elkartzeko gogoa izan duenean erakusketa txiki autonomoak osatzeko moduko serie ederrak baitaude erakusketaren barruan. Miroren zalea ez izan arren zaletzeko moduko erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.