Haizea Barcenilla
BEGIZ

Erakusketez eta testuez

2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Erakusketa hau Menchu Lamasen artelan handi batek osatzen du, beste 80 artelan baino gehiagoz konposatua berau. Sar zaitezte espazioan eta hauteman ezazue, lehenik eta behin, osotasun handi gisa. Garrantzitsua da lanaren barnean gaudela sentitzea, ez soilik ikusten ari garela. Gutxika, hasi zaitezte begirada detaileetara bideratzen».

Chus Martinez komisarioak MUSACeko erakusketaren sarreran idatzitako lehen hitzak dira hauek. Testuak ildo beretik jarraitzen du: sentsazioak, koloreak, figurak aipatzen ditu, ikusleei zuzenean hitz eginez eta hizkuntza ulergarria erabiliz. Ez dago artistaren datu biografikorik, ezta bere ibilbide artistikoaren deskribapenik ere; ez digu esaten artistak lortu nahi omen zuena. Erakusketa gozatzeko eta hautemateko jarraibideak ematen dizkigu. Sartzera eta gozatzera gonbidatzen gaitu.

Ez da hau erakusketetan aurkitu ohi dugun testu mota. Estilo pare bat nagusitzen dira museoetan: batetik, artisten biografian zentratu eta euren figurei begira jartzen diren testuak, maiz ibilbide historiko-artistiko luze eta orokorregi bat proposatzen dutenak. Ikusle ugari aspertzen dituzte horiek. Bestetik, filosofiatik hartutako teoria konplexu eta nahiko espezializatuetan oinarritutako testuak daude, ulertzeko zailak diren proposamen zertxobait korapilatsuak. Ikusle ez adituak frustratzen dituzte beste horiek (eta, zergatik ez, adituak batzuetan ere bai), ezjakinak direla sentiaraziz; bi kasuetan, gainera, erakusketa gozatzeko informazio baliagarri askorik ez dute eskaini ohi.

Aldiz, testu ulerterrazak populismo gisa hartzen dira maiz, artearen konplexutasuna suntsitu nahiko balute bezala. Behin baino gehiagotan entzun dut ikuslea gutxiestea edo tontotzat hartzea dela testu zuzen eta sinple bat eskaintzea. Bi zentzutan ez nago ados: lehena, gauza zailak esateak ez duelako inplikatzen modu zailean esan behar direnik. Askotan oso bihurrituak diren testuek eduki falta besterik ez dute ezkutatzen. Gauza konplexuak modu errazean esatea bertute bat da, horren inguruan ez dut zalantzarik.

Eta bigarrena, kasu honi lotuta, testuak erakusketa zehatz bati ematen diolako sarrera, eta erakusketa zehatz horri buruz hitz egin behar digulako. Lamasen lan multzoarekin harremanetan jarri behar gaitu, espazio eta une jakinean eta, hala, berdin digu noiz jaio zen Lamas, aurretik figurazioa edo abstrakzioa lantzen ote zuen, edota Foucault ala Ranciere irakurtzen dituen goizetan. Erakusketak ez dira historia liburuak, ezta filosofia entseguak ere: berezko logika dute, joera historiko eta filosofikoetatik aldendu daitekeena. Martinezek beti izan du garbi: erakusketez ari bagara, euren hizkuntza propioarekin lan egin behar dugu. Bada garaia ideia hori zabaldu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.