Haizea Barcenilla
BEGIZ

Zama gehigarria

2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Uzten zaidan leku hau arteaz hitz egiteko den arren, gaurkoan konfiantza urratu eta beste zerbaitez mintzatuko naiz. Larunbatean euskarazko C2 azterketa egin nuen. EHUk euskara hobetzeko eskaintzen digun ikastaro bat egin dut aurten, zenbait zalantza eta ziurgabetasun konpontzeko (euskaldun berrion gaitza; edo nirea, behintzat, bai). Behin hasita, azterketarako izena eman, eta, zorionez, presiorik gabe joan nintzen, lanerako ez dudalako behar. Gerta dadila gertatu beharrekoa, beraz.

Azterketaren irteeran lagun batekin elkartu nintzen; euskaltegiko bere kideekin zegoen, jokaldia komentatzen. Haietako batzuk ez ziren ni bezain lasai sartu, ezta atera ere. Batek hirugarren aldiz egin zuen azterketa, eta, oraingoan gainditzen ez badu, ezinezkotzat joko du. Nire lagunak ere zalantzak zeuzkan: koherentzian beti hanka sartzen omen du, eta ez dakit zein aditzen erabilera akastuna ostera ere egin ote zuen beldur zen. %20k soilik aprobatzen dute azterketa; edozein akatsek zulora eraman ahal zaitu.

Kontua da nire lagun hori idazlea dela. Hiru liburu argitaratu ditu euskaraz, poesiako bi eta umeentzako bat. Baina, dirudienez, bere estiloa literarioegia da agiri honek eskatzen dituen ezaugarrietarako. Bestalde, aurten EHUn euskaraz tesi bat egiteko zazpi beketarako (bai, zazpi) zortzigarrena geratu da zerrendan, beka jaso duen azken lagunetik 0,6 puntura. Euskararen bikaintasuna neurtzeko ematen diren bost puntuetatik lau jarri dizkiote lagun idazleari (ikasketa guztiak, graduondoko bat barne, euskaraz egin dituen arren), hain zuzen, C2a ez izateagatik.

Beraz, film surrealista batean sentitu nintzen BECen atarian, honetaz guztiaz pentsatzen. Are gehiago, kontu batez ohartu nintzenean: nik badudala C2 agiri bat, ingelesezkoa. Proficiency-a 24 urterekin atera nuen, atzerrian ikasketak egiteko eskatzen baitzidaten. Ikasturte batez prestatu nuen azterketa, oraingoan bezala. Zin degizuet ez dudala inoiz ingelesez euskaraz bezain ondo hitz egin, eta, hala ere, ziurrago nengoen azterketa hura gainditzeaz hau pasatzeaz baino.

Azkenik, bi ohar kontrajarri. Bat: ez naiz erabat eroso sentitzen hau idazten, aldi berean kontziente bainaiz, esaterako, ikasketak euskaraz egiteak ez duela euskara menperatzea esan nahi. Egunero ikusten dut nire lanean, eta maila bermatzeko nolabaiteko froga behar dela argi dut.

Baina bi: euskaraz beti demostratzen egotea etsigarria da. Euskaldunoi ezartzen zaigun zama gehigarri hau ulertzeko, zera proposatzen dut: euskara ez eskatzea inposatu duten azken lanpostu horietan guztietan, gaztelerazko C2a eska dezatela. Orduan ikusiko genuke hizkuntza bakoitzean zein maila demostratu behar den, eta zenbatek betetzen duten gazteleraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.