Ismael Manterola
BEGIZ

Eten!

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Maiatzaren 5etik 7ra ospatu zen aurtengo Literaturiaren leloa eten hitza izan zen. Ekainaren 1etik 25era antolatu den Getxophotoren gaia etena izango da. Harritu nau elkarrengandik hain hurre dauden bi kultur ekitaldik hitz bera aukeratzeak antolatu dituzten ekimenak elkartzeko.

Ez dakit kasualitate hutsa izan den edo garaiak kulturari eskatzen dion mesedea. Literaturiakoa eten inperatiboa iruditu zitzaidan, eta, bigarrenak, zalantzarako tarterik utzi gabe, harridura ikurra gehitu dio etena hitzari. Gure errutinaren inguruko etena edo gure lan egite amorratuari etena eskatzen ari gara?

Azken bi mendeetako arteak eten moduko bat eskatzen dio ikus-entzuleari, gozatu eta ulertu ditzan eskainitako proposamenak. Denboraren eta espazioaren etenak dira artearen aurrean sumatzen ditugun esperientziak. Esperientzia estetikoak ohiko hautematea gelditu egiten duela esan ohi da, eta sentsazio hori guztiok izan dugu erakusketa bat ikustera edo kontzertu bat entzutera joaten garenean, edo film bat ikusten eta entzuten dugunean. Zinemaren edo antzerkiaren denbora ez da denbora erreala. Musika entzuten dugunean edo koadro baten aurrean gaudenean denbora geratzen da, etena sumatzen dugu.

Espazioarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Museoak, kontzertu aretoak, antzokiak edo zinema aretoak espazio bereziak dira. Tenplu laikoen antzera, esperientzia estetikoak bizitzeko prestatutako ezlekuak dira; badirudi arruntasunez hustuta dauden espazioak direla; horrela hobeto kontzentratu gaitezke eskaintzen zaigun artelanetan. Espazio neutroak eraiki behar ditugu artea bertan sartzeko. Nahiz eta beti hala ez izan, azken mendeetan onartu dugu esperientzia estetikoa izpiritualtasunetik hurbilen dagoen esperientzia izan dela.

Horregatik ez ninduen askorik harritu orain dela gutxi irakurri nuen berriak. Itxuraz, emakume batek orgasmoa izan zuen Los Angeles hiriko orkestra filarmonikoaren kontzertu batean Txaikovskiren 5. sinfonia entzuten ari zen bitartean. Egia den ez dakigu, Ameriketako Estatu Batuetako komunikabideek sarritan asmatzen dituzten berri bitxi horietako bat izango da seguru asko, baina artearen mitoen artean aipatzen den Stendhalen sindromearekin lotu dezakegu. Erromantikoentzat, esperientzia estetikoak orgasmoaren antza zuen; gerora plazer sentsazioa buruak kontrolatzea eskatu genuen, ezagupenaren esparruan sartzeko ezinbesteko baldintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.