Haizea Barcenilla
BEGIZ

#zaindukultura

2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Berria Aretoari bisita egiten badiozu gaur, argiak itzalita topatuko dituzu. Gaur eta baita bihar ere. Euskal sortzaileak greban daude, eta bi egunez ez dute online edukirik erakutsiko; ez Instagramen, ezta Facebook edo Twitterren ere. Pena, pentsatuko duzu; baina galera ez da handia. Mundua jada gure sortzaileek eskaini dizkiguten pieza ugariz hornituta dago, eta grebak ez ditu horiek desagerraraziko. Zuzenekoak ez, baina grabatutako abestiek eta inprimatutako liburuek hor jarraitzen dute.

Horregatik, kulturgileekin bat egiteko eskatu nahi dizut: har ezazu erronka eta pasa itzazu bi egun inolako kultur sorkuntzarik gozatu gabe. Ez entzun musikarik; ez irakurri sofan eserita; ez ikusi pelikularik; ez irakurri ipuinik zure umeei.

Eta, aldi berean, egin ezazu gogoeta. Azken asteetan, kultura aspermen garaian dibertimendutzat aurkeztu zaigu, egoera arintzeko tresna gisa. Baina hori al da kultura zuretzat? Txoriak txori abesten duzu entretenitzeko modu bat delako? Loreak pelikula ikustean, bi ordu hil zenituen besterik gabe? Kristalezko begi bat edo Twist irakurri zenituenean, autobuseko bidaia arinagoa egitea zen zure zioa? Umeekin Xomorropoemak irakurtzean, lasai eta isilik egon daitezela bilatzen duzu bakarrik? Zaldi Urdina aspermena akabatzeko ikusi zenuen?

Eta behin gogoetan hasita, galdetu ezazu: zer jaten dute artistek? Ospea? Ohorezko sariak? Txaloak? Zenbat tardatzen da instalazio bat amaitzen, zenbat nobela bat idazten, zenbat album bat osatzeko abesti mordo bat konposatzen? Zenbat praktikatu behar da, ikasi behar da, bertsoa bat-batean botatzeko? Zenbat eszena grabatu behar dira pelikula bat egiteko? Eta denbora horretan guztian, artelana zure eskuetara iritsi aurretik, horrengatik zortzi euroko sarrera edo hamazazpi eta berrogei euroko salmenta prezioa ordaindu aurretik, nola egin du aurrera artista horrek bizi eta lan egiteko? Noizbait egin al diozu galdera hori zeure buruari?

Kulturgileak greban badaude, ez da soilik COVID-19ak egoera ekonomiko larrian utzi dituelako; COVID-19ak jada oso larria zen egoera mugara eraman du. Sortzaileek ez dute normaltasunera itzuli nahi, normaltasuna prekaritatea, euren lanaren lan izaera ez onartzea eta kapitalismoaren esplotazioa baitzen. Normaltasuna haientzat instituzioen epe murritzeko laguntzen eta salmenten oldarraren artean bizitzea zen, eta, gehienetan, beste behar batean aritzea, denbora librean gutxika sorkuntzari dedikatuz. Euskal kultur sorkuntzak ez du, hortaz, osasun larrialdiari erantzuteko planik behar: ereduari erantzuteko plana behar du. Eta borroka horretan kultur onuradun garen guztion gogoeta eta bermea behar du. Bi egun hauetan zaindu dezagun kultura, pentsatu dezagun kulturaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.