Ibon Rodriguez.
HAMAR URTE LABOA GABE

Ezkoa

2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Musikaren munduan daramatzadan urteetan lagun asko egin dut: musikari, teknikari, programatzaile, disko-jartzaile, kazetari, diseinatzaile, marrazkilari, argazkilari, bideogile, argiztalari, editore, manager zein musikazale. Gremio horietan guztietan aurkitu ditut entzule bikainak, eta horiexek dira gehien estimatzen ditudanak —egoismo puntu handi batekin diot—; belarria non jarri erakusten didate.

Haietako batekin kontzertu askotara joan ohi naiz, eta irtetean ez gara bat etortzen iritzia ematean, baina haren argudioren bat entzunda askotan aldatzen da nire epaia; gezurtatu egiten dit belarria. Beste batekin ez dut desadostasunik izaten, usu seinalatzen dit detaileren bat kanta bat entzuten ari garela, kantu osoa, kontzertu osoa edo diskografia osoa justifikatzeko nahikoa izan daitekeen detaile bat; berretsi egiten dit belarria. Hirugarren batek mezu kriptikotan bilduta gomendatzen dizkidanek dimentsio berezia hartzen dute hainbat entzunaldiren ondoren deskodetzen ditudanean; enfokatu egiten dit belarria. Hiru lagunak elkartzen ditudanean eztanda egiten dit buruak.

Kuriositate hutsetik harago, bost axola zait benetan zer entzuten zuen Laboak, zein disko zuen maiteen, zenbat zituen. Ez dakit, adibidez, Caetano Veloso inoiz entzun ote zuen, baina brasildarraren moldeak entzuten ditut harengan. Arrastorik ez Velvet Undergrounden berri izan ote zuen, baina haiek bezala baliatu zuen zarata Joxe Mari Zabalarekin elkarlanean jardun zuenean. Sabicas eta Daniel Fortea ikasi zituen arren, haren akordeen harmoniek ez al zuten zerikusi handiagoa Glenn Brancak geroago garatuko zituenekin? Auskalo, Stravinski eta Schoenberg ere maite baitzituen. Akauzazteren berri izan al zuen? Horiengan entzuten baitut nik Laboaren haragiztatzea, bizirik zegoela ere. Henry Chopinekin topo egin ote zuen inoiz? Futurista italiarrez iritzi ona izango al zuen? Berarentzat Lekeitioko hizkeraren hotsa soinu-poesia baitzen, berben esanahitik harago jartzen zuen arreta. Ez al zion, bada, horregatik eskatzen Marisoli Londresen zeudela hangoei galderak egiteko? Mintzarazteko? Eta Roy Hart, John Cage edo Steve Reich zuzenean ikusi izanak erabat aztoratuko al zuen? Laboak ordurako Gernika egina baitzuen. Le Larraskito Klubeko publikoan nahasiko ote zen gaur egun? Luis de Pablorekin elkarlanean aritzeko aukera edo gogoa izan ote zuen, Artze anaiek bezala? Txoriekiko zaletasuna izan al zen Olivier Messiaenen lanekin zaletu zuena? Ximun Haranek bildutako grabaketetako Queheille edota Lohidoy parez pare entzuteko parada izan ote zuen inoiz? Haiengandik zetorkion soilik modu ez-tenperatuan abesteko joera, ala orduan ere eskuraerrazagoak ziren La Niña de los Peines edota Manolo Caracolen lanak iparraldekoenak baino? Eta Raimonen diskoak bezain eskuraerrazak ziren Jose Afonsorenak? A Round Midnight-en bertsioen artean Robert Wyattena hobetsiko luke? Eta Strange Fruits-en kasuan? Billie Holidayren jatorrizkoa?

Ezin erantzun galdera horiei baiezko borobil batekin, beharrik ere ez, baina ni ez nintzatekeen belarri berberekin hurbilduko izen horietara Laboarengan atzeman ez banitu. Haren belarrien bidez findu dut nire aditzeko era, lagunen belarriekin egiten jarraitzen dudan bezala.

Gutxik lortu omen du hainbesterengana heltzea, erreferentzia itxuraz hain urrunak uztartuz, belarriak irekiaraziz. Hamar urteotan askozaz eskuragarriago egin zaigu edozein musikatara iristea, baina noraeza handiagoa da. Eta kontua ez da nirea bezalako izen-zerrenda amaigabeak osatzea. Mitoa sendotzen eman dugu hamarkada, kantu berberak behin eta berriz eskuztatzen, fusio handinahi eta kitsch-ak sortzen, Laboari abizenak ipintzen. Kanonak ikuspegi kritikoa deuseztatzen du, kontserbadurismoa pizten, eta norabide bakarretik interpretarazten artelana, identitate-ikuspegitik. Horrela ez dago belarri kritikoak sortzerik. Horregatik iruditzen zait interesgarriagoa jolastea irudikatzera non ariko litzatekeen egun Laboaren belarria arakatzen. Baina mitoa ezkoa da gure belarrietan.

Bihar: Itxaro Borda idazlea, Mikel Laboaren hitzez eta hotsez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.