Albistea entzun

Zientzia

Harritik giltzarrira

Bi mende bete dira Jean-François Champollion frantziarrak Rosetta harria deszifratzea lortu zuenetik. Antzinako Egiptoko hieroglifoak ulertzeko eta haien zibilizazioa hobeto ezagutzeko bidea zabaldu zuen ikertzaile frantziarrak. Garaikur militarra izan zen lehen, eta ondarearen lapurretaren ikurra da egun.
Rosetta harria Britainiar Museoan dago, Londresen.
Rosetta harria Britainiar Museoan dago, Londresen. HANS HILLEWAERT Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2022ko irailak 23

Rosetta harria ikono bat da. Ikerketaren, zientziaren eta ezagutzaren ikono bat. Deszifratze prozesuena. Baina baita kolonialismoarena eta ondarearen lapurretarena ere. Rosetta harriak eta haren historiak bere baitan biltzen ditu Alexandro Handiaren osteko Egipto, frantziarren eta britainiarren arteko lehia militarra eta baita Rosetta harria deszifratzeko lehia ere.

Zer da?

Granodiorita arroka zati handi bat da: 112 zentimetro luze da, 75 zentimetro zabal, eta 28 zentimetro sakon. Iluna da, eta jatorrizko harriaren zati batzuk falta ditu, harlauza handiagoa baitzen. Harriaren aurrealdean testu bera du hiru hizkuntzatan zizelkatua: antzinako egiptoerako hizkuntza hieroglifikoan (hamalau lerro) eta demotikoan (32 lerro), eta antzinako grekoan (54 lerro). 750 kilo inguruko pisua du.

Zer dio testuak?

K.a. 196. urtean idatzia da. Testu zurruna da, burokratikoa, eta, alde horretatik, ez du aparteko baliorik. Dekretu bat da, garai hartako apaizek Menfis hirian egindako batzar batean idatzia, Ptolomeo V.a koroatu eta gero. Apaizek faraoia gurtzeko eta goratzeko neurriak zehaztu zituzten. Ptolomeo V.ak, era berean, hainbat neurri onartu zituen apaizen mesedetan. Ptolomeo V.ak 13 urte baino ez zituen koroatu zutenean, eta faraoia zen 5 urte zituenetik. Garrantzitsua zen harentzat apaizak alde izatea, eragin nabarmena baitzuten gizartean. Dekretua esteletan kopiatu zuten, eta herrialdeko tenplu nagusietan jarri.

Hizkuntza hieroglifikoa testu ofizialetarako eta sakratuetarako erabiltzen zuten, apaizek batez ere; hizkuntza demotikoa herritarrek —gehienak analfabetoak ziren—; eta grekoa administrazioko hizkuntza zen.

Hala ere, Rosetta harrian ez daude hiru hizkuntza soilik. Laugarren bat du, alboetan: ingelesa. Egiptoarrek idatzitako testuez gain, Rosetta harriak beste bi esaldi ditu, XIX. mendearen hasieran gehituak: «Armada britainiarrak Egipton harrapatua», ezkerrean, eta «Jurgi III.a erregeak aurkeztua eskuinean». Harriaren sinbolismo militar eta politikoaren erakusgarri. Garaikur bat zen.

Nork eta non aurkitu zuen?

Nilo ibaiaren mendebaldeko deltan aurkitu zuten, Rosetta hiritik gertu (Rakhit, arabieraz el-Raxid), 1799ko uztailean. Napoleon Bonaparte Frantziako enperadorea Egipto konkistatu nahian ari zen. Soldaduak harriak biltzen ari ziren, Saint Julien gotorlekua sendotzeko, eta harrien artean idazkunak zituen Rosetta harria aurkitu zuten.

Napoleonek, militarrak ez ezik, ikertzaileak ere eraman zituen Egiptora, eta haiek berehala jabetu ziren Rosetta harriaren garrantziaz. Parisera eraman nahi zuten, baina britainiarrek garaitu zituztenean, 1801ean, Frantziaren porrot militarraren barruan —Alexandriako ituna— sartu zuten Egipton eskuratutako zaharkin guztiak britainiarren esku uztea, Rosetta harria barne. Britainiarrek Londresera eraman zuten.

Zein garrantzi du?

Hieroglifoak ulertzea erronka handia zen garai hartako ikertzaileentzat, Egiptoko zibilizazioaren ezagutza eta kultura hobeto ezagutzeko modua emango zuelako. Rosetta harrian, hieroglifoez gain, grekoz idatzitako testuak zeudenez, grekoaren bidez hieroglifoak deszifratu zitezkeela pentsatu zuten.

Zer ziren hieroglifoak?

Hieroglifo hitzak tailla sakratu esan nahi du. K.a. 3000. urte inguruan sortu zen idazteko modu hori. Haren berezitasunetako bat da irudiak erabiltzen zituela. Irudiek hitz bat, soinu bat edo gehiago... adieraz zitzaketen. Zeinuen esanahia ere zehaztu zezaketen, zeinu batek esanahi bat baino gehiago izan baitzitzakeen. Normalean eskuinetik ezkerrera idazten zituzten, baina baita eskuinetik ezkerrera eta goitik behera ere. Irudiek esaldiaren hasierara begiratu ohi zuten.Tenpluetan eta monumentuetan zizelkatzen zituzten batez ere.

Egipton kristautasuna gailentzen hasi zen, eta hieroglifoen erabilera apaldu zen. Hurrengo mendeetan inork ez zituen idatzi eta ulertu. Inor ez zen haiek deszifratzeko gai.

Nork deszifratu zituen hieroglifoak?

Jean-François Champollion frantziarrak, 1822ko irailean. 200 urte bete dira, beraz. Ez zen bakarkako lana izan, ordea. Rosetta harriko hieroglifoak deszifratzeko lehia zegoen, eta lehia horrek prozesua hauspotu zuen. Thomas Young fisikari ingelesak hainbat ekarpen egin zituen.

Egiptoarrek irudiak erabiltzen zituzten hieroglifoetan, baina irudietan oinarritutako itzulpenek ez zuten zentzurik. Garai hartako adituek —Champollionek barne— hots bakarreko oinarrizko zenbait zeinu fonetiko identifikatu zituzten, baina beste hainbat zeinu falta ziren deszifratzeko. Sistema, alfabetoa, beraz, uste baino konplexuagoa zen.

Champollionek Rosetta harriko testuen kopia batean oinarrituta egin zituen ikerketak, ez harria aurrez aurre zuela. Rosetta harria Londresen zegoen.

Nor zen Jean-François Champollion?

Hizkuntzekiko jakin-mina zuen gazte frantziar bat. 1806an, 16 urte zituela, ikerketa bat aurkeztu zuen Grenobleko Akademiaren aurrean (Frantzia), esanez antzinako Egiptoko hizkuntzak bizirik zirauela Afrikako koptoeran. Ez zebilen zuzen, koptoera ez baitzen antzinako egiptoeraren berdin-berdina; baina ez zebilen guztiz oker, koptoerak antzinako egiptoeraren zenbait egitura eta hitz baitzituen. Ikerketa hark Rosetta harria deszifratzen lagundu zion, koptoeraz jakitea funtsezkoa izan zen horretarako.

17 urterekin, Grenobletik Parisera joan zen, ikertzera. Parisen, Napoleonek Egiptotik bertatik eramandako hainbat objektu aztertu ahal izan zituen, baita koptoerazko testuak ere. Koptoerazko hiztegi bat osatu zuen, eta Napoleoni aurkeztu zion. 1832an hil zen, 41 urte zituela. Hil aurretik, 1828an, hamasei hilabeteko bidaia egin zuen Egiptora, herrialde hartara egin zuen bakarra.

Zer aurkitu zuen?

«Badaukat», esanez sartu zen Jacques-Joseph anaiaren bulegora, 1822ko irailaren 14an. Ondoren zerraldo erori zen; ez zen hil. Hieroglifoetako zenbait izen propio deszifratzea lortu zuen. Ramses faraoiarena, esaterako. Adierazpen figuratiboen, sinbolikoen eta fonetikoen konbinazio konplexu bat zirela konturatu zen Champollion. Ramses izena ra-mes-su litzateke: ra, eguzkia; mes, berriz, soinu bat eta sortu zuen, aldi berean; eta su, bera. Alegia, hieroglifoetako zeinuak ez ziren soinuak edo adierazpen sinbolikoak bakarrik. Zeinu fonetiko batek soinu bat baino gehiago adieraz zitzakeen edota zeinu fonetiko ezberdinek soinu bakarra.

Irailaren 27an aurkeztu zituen bere aurkikuntzak, gutun baten bidez, Parisko Inskripzioen eta Letra Ederren Errege Akademian. Gutunean baieztatutako 25 zeinu fonetiko zerrendatu zituen, bai idazkera demotikoan, bai idazkera hieroglifikoan. Hurrengo urteetan bere aurkikuntza osatu zuen, eta liburu batean bildu.

Non dago harria?

Britainiar Museoan, Londresen. Bisita gehien duen pieza da. Era guztietako produktuak dituzte salgai harriko idatzietan oinarrituta, sukalderako mantalak, gorbatak eta galtzerdiak barne.

Zer dio Egiptok?

Egiptoko Gobernuak Rosetta harria bueltatzeko eskatu izan dio Erresuma Batukoari. «Britainiarrak eta alemaniarrak lapurrak dira, Rosetta harria eta Nefertiti bueltatu behar dizkigute», esan du aurten Zahi Hawass egiptologo eta arkeologo egiptoarrak. Nefertiti erregina egiptoarraren busto bat dago Berlingo Neues museoan. «Rosetta harria nortasun egiptoarraren ikonoa da», Hawassen arabera. Erresuma Batuko Gobernuak ez du harria bueltatzeko asmorik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxo gero eta japoniarragoa

Amaia Igartua Aristondo

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.
Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. ©GUIILAUME FAUVEAU

Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Ane Insausti Barandiaran

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...