Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ezagutu txantxikuak

2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Pandemian zaletasun berri bat garatu dut: tarteka, etxe atzeko lorategian eseri eta txorien kantuak entzuten ditut, euren arteko desberdintasunak bereizten saiatuz. Horretan nenbilen duela pare bat asteko arratsean, ezohiko soinu bat entzun nuenean. Pi-pi berezi bat zen, metaliko xamarra; lehen tonua zorrotza, bigarrena baxuagoa, erritmikoki errepikatuak. Txori baten txita izango ote zen pentsatu nuen hasieran, baina soinuari hurbildu nintzaionean, hobeto entzuteko gogoz, lurretik zetorrela ohartu nintzen, eta gozo-gozo entzuten zela nahiko hurbil nengoen arren. Intsektu bat izango zen agian? Ezin identifikatu.

Halakoetan animaliazalea den lagun batengana jotzen dut, eta oraingoan ere grabatutako soinua bidali nion. Handik pixka batera erantzun zidan: txantxiku bat zen, apo txiki bat. Bere gurasoen etxe inguruan asko omen daude, eta elkarrekin kantuka hasten direnean musika elektronikoko kontzertu bat gogorarazten dutela esan zidan. Asko gustatu zitzaidan konparazioa.

Handik bi egunera, arrats partean Gasteizeko Florida parketik igarotzea suertatu zitzaidan, eta hara non, ezustean, kontzertu elektroniko horren entzule bihurtu nintzen. Txakurrarekin paseoan edo lagunekin bankuetan txutxu-mutxuka zebiltzan nerabe gutxien hotsen atzean argi antzematen zen apotxoen sinfonia metalikoa. Presarik ez nuenez, sastraketara hurbildu eta entzuten ibili nintzen; benetan zen ederra doinua. Kuriosoa, esan nion neure buruari: orain dela bi egun ez nekien halako aporik Bilbo edo Gasteizen tamainako hiri barnetan bizi zenik, eta orain behin eta berriz topatzen dut.

Baina segituan konturatu nintzen nire arrazoinamenduaren akatsaz: ez zen kuriosoa orain arte apoen existentziaz jabetu ez izana, oso normala baizik. Beharbada noizbait aurretik entzun nituen soinuok, baina entzuteak ez du zertan aditzea esan nahi. Batetik, asko direlako gure belarrietatik sartzen diren hotsak, eta jaramon egin behar zaie euren artean bereizi eta bakoitzaren izaeraz jabetzeko. Eta bestetik, geure buruak ezagutzen ez duena baztertzeko joera duelako; ezezaguna zaiguna, izendatu ezin duguna, geure ohiko unibertsotik aldentzen dena, maiz pasatzen zaigu oharkabe. Orain txantxikua ezagutzen dudala, bere doinua nire soinu-mapan grabatuta dagoela, ziur naiz udaberri arrats askotan topatuko dudala etorkizunean.

Estreinatu berri dugun uda honetarako, irakurle, plan bat proposatzen dizut: zoaz orain arte sekula ikusi ez duzun zerbait ikustera. Arte garaikidea, adibidez? Zergatik ez hurbildu Tabakalerara, Artiumera, edo inguruko beste edozein museo edo erakusketa aretora, orokorrean ikusten ez duzun artelan mota bat ezagutzera? Txerta itzazu lagun berriak zure irudi-mapan. Ezagutu txantxikuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.