BEGIZ

Miraria da

Haizea Barcenilla -

2019ko abenduak 3
Hainbatetan, pentsakor utzi naute arte ederrak ikastea erabaki duten 18 urteko gazteek. Zerk bultzatu ote zituen, nerabe zirenean, artista izango zirela erabakitzera. Guztia argiegi edo erabat nahasia duzun adin horretan, nola otutzen zaio norbaiti artista bilakatzea? Imajinatzen dut batzuek, jenio kanoniko handien irudiak eredutzat hartu, eta, pelikulen eszena idealizatuetan lez, argiz betetako estudio erdi-erorietan inspirazioak gidatutako ordutegirik gabeko bizitza buhamea eramaten ikusiko zutela euren burua. Beste askok ez zuten jakingo erabakiak nora zeramatzan; jakingo zuten pintatzea, marraztea, eskuekin gauzak egitea, materialak ukitu eta eraldatzea, gauzak moztu eta berriz pegatzea gustatzen zitzaiela, eta nahiago zutela, beste ezeren aurretik, hori egiten jarraitzea. Ahalik eta denbora gehien. Ikasketen lau urteetan behintzat, eta, ahal balitz, geroago ere bai.

Eta pentsamendu horietan galtzen naizenean, konturatzen naiz zein indartsua izan behar duen sen horrek, objektiboki begiratuta, miraria baita umeei, nerabeei eta gazteei hezkuntza arautuaren bitartez transmititzen diegun guztia ikusita oraindik ere arte ederretan matrikula egiten duten ikasleak egotea. Irakasten dieguna zera da: artea umeentzako kontua dela, arrazoia erabiltzen ez duten izaki azpi-garatuena. Eskolan aurrera doazen heinean, heldu bilakatzearekin batera, arte eta musikako irakasgaiak desagertuz doaz (dantza edo antzerkikoak, orokorrean, ez dira existitu ere egin), eta DBHko 3.ean jada gauza benetan serioetara dedikatzen dira: teknologia, matematika, zientziak, hizkuntzak, historia. Artea eta musika hautazkoetara pasatzen dira, eta maria ezizen tristea hartzen dute.

Bigarren hezkuntzan dabiltzan zenbait lagunek esan didate batxilergoan eskolak ematea gorroto dutela, bi ikasturte horiek aurretik egindako guztia suntsitzen baitute: aurreko urteak proiektuen bitartez lan egiten, jakintzak uztartzen, sormena konponbideak topatzeko erabiltzen ibili eta gero, bat-batean, hezkuntza osoa azterketa bat pasatzera bideratzen da. Informazioa buruz ikasteari ematen zaio lehentasuna, programak erabat betetzeari, horretarako eztabaida, gogoeta eta sormena alde batera utzita.

Hori gutxi balitz, gurasoak presioa egiten hasten zaizkie seme-alabei, etorkizunean pentsatzen has daitezen: zertan egingo duzu lan? Eta akademian ikasi duzun ingeles hori guztia, ordaindu dizkizugun fisikako klase gehigarriak, zertarako balioko dute artea ikasten baduzu?

Beraz, eskerrak eman behar ditugu oraindik artistak badauzkagulako, eta Arte Ederretako Fakultatean gehiago bidean direlako. Errazagoa delako errealitate hori mirari bati atxikitzea gizarte eta hezkuntza sistemari bainoago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna