Ismael Manterola
BEGIZ

Zeruak eta bideak

2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ez dut orri honetan bertan idazten duten nire kideen spoiler-a izan nahi, baina Gasteizko Artium museoan zabaldu diren erakusketa batzuei buruz idatzi nahi dut gaurko honetan. Orain dela aste batzuk Zeru bat hamaika bide izenburua daraman erakusketa bat zabaldu zen, Artiumeko bilduma iraunkorraren interpretazioa egiteko asmoarekin. Horretarako kanpoko bilduma askoren laguntza izan badute ere, urteetan Gasteizko museoak bildu dituen lanen aurkezpen berria egiteko aukera izan du.

Erakusketak ez du 1977tik 2002ra urte bitarteko artearen kanonizazioa egin nahi, hala azaldu dute erakusketako arduradunek eta baita museokoek ere. Dokumentazioa eta kronologia zehatza egiten diren aretoaren ondoan, artelanen areto handia jarri dute; eskulturak eta pinturak aske azaltzen zaizkigu espazio zabalean, azalpenen laguntzarik gabe. Aipatu bezala, beste aretoan, atalez atal Euskal Herrian izandako esperientziak ildo nagusi batzuen arabera interpretatuta daude, hainbat materialen laguntzarekin: artelanak, dokumentuak, bideoak, argazkiak, fanzineak, eskuorriak, kartelak, itsasgarriak eta abar.

Euskal Herriko arte historia egiteko modu asko egon daitezke; erakusketako arduradunek bat aukeratu dute, eta ez dut uste horregatik ikuspuntu bat nagusitu nahi dutenik, batez ere ikerketa gai bat baino gehiago zabalik geratzen direlako. Agorrezin diren ildoak zabaltzea izan daiteke erakusketa honen asmoa, eta alderdirik interesgarriena. Ikerketa gaien erakusketa txikiei toki egitea ere ez da ideia txarra halako kronologia zabala jasotzen duen erakusketa baterako; adibidez, Artelekuri eskainitako tartea Laura Vallesek egindako proiektu autonomo baten emaitza da.

Gainera, ezin dugu alde batera utzi Artiumeko bilduma aurkezten duen erakusketa handiak hiru euskal artistari egindako monografikoekin bat egin duela. Juan Luis Morazari, Elena Mendizabali eta Gema Intxaustiri eskainitako erakusketek bildumako erakusketaren ikerketa gai edo atal berezituak ematen dituzte, nahiz eta beren autonomia ere mantentzen duten. Morazaren garai oso zehatz bateko erakusketa eta Elena Mendizabali eskainitako atzera begirako zoragarria 1980ko hamarkadan lanean hasi zen belaunaldiaren isla ederra dira. Intxaustirenak, berriz, 1990eko hamarkadako artisten belaunaldi indartua ordezkatzen du, nahiz eta bi emakumeen kasuan azken garaian egindako lanek protagonismo nabarmena hartzen duten.

Beste artista gizonezko batzuen aldean, ezezagunagoak dira bai Mendizabalen eta bai Intxaustiren lanak, baina erakusketek beraiek oso ondo puskatzen dituzte aurreiritziak eta topikoak. Artearekin harremanetan izaten dudan amodio-gorroto bikoiztasunaren barruan sartuta nenbilela, Elena Mendizabalen erakusketa ikuste hutsak artearekin berradiskidetu ninduen. Gustura ikusi nituen Gema Intxaustiren hasierako lanak, aspaldi ikusi gabekoak; baina testuekin egindako azken urteko instalazioen erdian ia zorabiatuta geratu nintzenean, artearekin gozatu daitekeela pentsatuz irten nintzen Artiumetik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.