Haizea Barcenilla
BEGIZ

Norena da Puppy?

2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Titaniozko txabola zaintzen ia hogeita bost urte daramatza formal-formal loredun txakurrak, turistentzat zein plastikozko souvenir-entzat posatzen. Turismo-kaieren portada izateaz gain, Bilboko maskota maitatua ere bada, hiritarren kuttuna. Edo hori pentsatzen zuten Guggenheim museoko arduradunek udarekin batera crowdfunding kanpaina abian jarri zutenean: hiru hilabetean 100.000 euro batu nahi zituzten eskulturaren barne-egitura berriztatzeko. Ez zen helburu makala, baina ei, gure Puppy da!

Guggenheimek egiten duen guztiak bezala, ekinaldiak oihartzun itzela izan zuen komunikabideetan. Teleberrian behin eta berriz errepikatu ziguten Puppyk behar gintuela; baita egunkarietan ere, Euskal Herrian, Madrilen zein New Yorken. Hortaz, handia izan zen guztion harridura hogei egun pasatuta proiektuak 9.000 euro soilik elkartu zituela jakin zenean. Alarmak pizten hasi ziren; aparatu mediatikoa indartu zen; museoak rap-elebidun-propaganda bideo bat ere enkargatu zuen. Baina ez zen crescendo-rik egon: irailean, kanpaina ixterako, 40.000 eurotara iritsi zen ozta-ozta. Zergatik abandonatu zuten euskal herritarrek, eta bereziki bilbotarrek, euren bihotzeko maskota?

Hainbat izan daitezke arrazoiak: adibidez, Puppyrentzako dirua eskatzen zuten bitartean, Europako laguntzak baliatuta Urdaibain beste Guggenheim bat eraikitzeko asmoa zegoela jakin genuen. Gainera, ekinaldia uda partean bultzatu izanak, jendea pandemia osteko oporretan buru-belarri zebilenean, ez zuen lagundu, ziur asko. Baina nago badela beste arrazoi garrantzitsu eta askoz ere interesgarriago bat ere: Puppyrekin (eta Guggenheim museoarekin) jendeak ez duela benetako atxikimendu emozionalik.

Pentsa dezagun Haizearen orrazia-n, adibidez. Ziur nago egoera txarrean egongo balitz, udalak konpon zezan egingo zutela donostiar askok. Izan ere, beste garai batean artea funtsezkoa izan zen euskal identitatea osatzeko (ikusi besterik ez dago gure instituzio zein herri mugimendu askoren logoak nondik datozen). Baina Guggenheimekin harreman hori aldatu zen; artearen eta museoen funtzioa kultura, herri-lotura edota identitatea elikatzetik turismoa elikatzera pasatu zen, hau da, beste esparruetako ekonomia indartzeko tarteko baliabidea izatera. Bilbotarrek Guggenheim maite dute «mapan jarri dituelako», ospea eman dielako eta hiriaren berrantolatzea ekarri duelako, baina ez haien identitatearen parte delako, Athletic eta Begoñako Ama izan daitezkeen moduan. Puppy xarmagarria da, dibertigarria da, baina ez da gurea, Guggenheimena baizik; eta Guggenheim gurean dago, baina ez da gu.

Okerrena da prozesu horretan, Guggenheimek ez ezik, arteak ere gu izateari utzi diola. Puppyren abandonuaren ustezko drama, berez, gure artearekiko harremanaren drama da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.