Ismael Manterola
BEGIZ

Donostiaren suizidioa

2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Banekien, baina ez nuen sinetsi nahi. Trenbidea zeharkatzeko eraikitako behin-behineko pasabidean gora egin bitartean ikusi nuen Donostiako Norteko geltokiak utzitako zuloa. Inpresio izugarria eragiteaz gainera, pena handia eman zidan bertan zebiltzan hondeamakinek orain dela gutxira arte guztion ondarea zena bota izanak.

Historia luzeko eraikuntza ez al zegoen babestuta? Horixe galdetu zuen jendeak berria zabaldu zenean. Babestuta egon gabe ere, nola egin daiteke halako astakeriarik? Badirudi babestutako eraikina zela, baina herri honetan ondarea babestuta egon daiteke eraisten duten edo desagertzen den arte. Zaila da babes handia duen zerbait topatzea, eta dagoenean ere ez dago ziurtatuta zutik mantenduko denik.

Hala ere, azken urteetan Donostian gertatzen ari dena ez dut Europan beste inon ikusi. Ondareari buruz asko hitz egiten dugu Europako Ondarearen Eguna iristen denean, baina, aldi berean, interes pribatuak tartean daudenean, ez gara gai babesteko egun zehatz horietan ezagutu edo bisitatu nahi ditugun horiek. Agian, Donostiako suntsipen eta desagerpen horien guztien adibiderik argiena Arte Ederrak eraikinean ikus dezakegu. Urteetako utzikeria jasan ondoren, hotel bihurtzera doa, babesteko inongo irizpide argirik gabe. Hor dago kupularik gabe, hiriko diru-gose aseezinak barrutik hustuta. Gainera, niretzat galdutako borroka baten sinbolo ere bihurtu da: hiritarrek hura babesteko bultzatutako borroka galduaren sinboloa. Ancora izeneko herritar talde batek babes eskaera egin zuen, eta, horren ondorioz, epaitegiraino iritsi zen zinema zaharra zutik mantentzeko eskaera. Epaile batek erabaki zuen ez zegoela arrazoi nahikorik eraikuntza zegoen moduan gordetzeko, eta zilegi zela hotel bilakatzea. Gizartearen porrota izan zela iruditzen zait. Nahiz eta epailearen erabakia partziala iruditu (adibidez, Unibertsitateko Artearen Historia sail baten edo NBEren menpe dagoen ICOMOS elkarteko txostenak aintzat ez hartzea), nik uste dut erakunde publikoek ez dutela nahikoa egiten ondarea babesteko; errazago egiten da interes pribatuaren alde publikoaren alde baino, eta, horren ondorioz, gure hiri eta herri askotako ondarea etengabeko arriskuan dago.

Orain Norteko geltokia izan da, atzo Arte Ederrak antzokia izan zen, baina bitartean, XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako eraikuntza berezi ugari eta etxebizitza asko galtzen ari dira, Donostia eraldatzeko adina. Ez dezagun ahaztu, utziz gero, San Bartolome mendixka ere desagerrarazteko zorian egon zela. Donostiako arkitektura erromantiko zaharkitua gustatu ez arren, bere osotasunean izaera berezia ematen dio hiriari, eta, horregatik, eraikuntza soil moduan baino gehiago, multzo moduan hartu beharko litzateke. Gainera, proposatzen dituzten aldaketak aurreko eraikuntzak baino kalitate eskasekoagoak izaten dira. Mesedez, utz nazatela nagoen bezala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.