«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain - Iosu Alberdi
Donostia
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Donostialdeko ESIko zuzendaritzako kideen kargugabetzeak egoera zartarazi duten azken gertaera izan dira. Hala ondoriozta daiteke erakunde sanitario integratu hartako zerbitzuburuek egindako adierazpenetatik. Osakidetzan «arazo larri bat» dagoela adierazi dute mahaiaren bueltan eseritako sei kideek, eta haienesanak babestu dituzte Gipuzkoako Medikuen Elkargoaren egoitzako prentsa aretoan zeuden gainerako medikuek. Denera, 47 zerbitzuburuetatik 42k egin dute bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari egindako eskaerekin, hark egungo harreman eredu «asimetrikoa» aldatu dezan. Jakinarazi dute sailetako buruak, erizaintzako langileak, mediku egoiliarrak eta lehen arretako unitateetako buruak ere antolatzen ari direla.

Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik astelehenean adierazi zuenez, Donostialdeko ESIko zuzendaritzako kideen kargugabetzeak «gertaera kate batek» eragindako «konfiantza galtze» baten ondorio izan ziren. Zerbitzuburuen ustez, baina, horrek ez du azaltzen zein direnakordio faltaren oinarriak: «Konfiantza falta argudio pobrea iruditzen zaigu». Kide kargugabetuen eta ondoren dimisioa aurkeztu zutenen egoera leheneratzeko eskatu dute, edo, behintzat, haien «ohorea» berrezartzeko. Izan ere, adierazi dute «marra gorririk» gabe hitz egin nahi dutela.

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek elkarrizketarako deia egin diote Osasun Sailari, eta ontzat jo dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eginiko deia ere. Ez horrenbeste, ordea, afera «foku mediatikotik» kanpo konpondu behar dela esan izana, medikuek uste baitute Jaurlaritza bera izan dela «komunikazio zubi guztiak zartarazi» dituena, bien arteko zubi lana egiten zuten kargudunak euren postuetatik kenduta.

Kritikatu dute harreman «asimetriko» eta «bertikal» bat dagoela arduradun politikoen eta teknikoen artean, nahiz eta bigarren horiek duten beharrezko «jakintza teknikoa». Hala, bien arteko bitartekaritza lana egingo duen talde bat sortzeko beharra adierazi dute, «antzeko egoerak saihesteko kontrapisu mekanismo gisa» jardun lezakeena.

Osasun Sailaren eta langileen arteko desadostasunak kargugabetzeetatik haratago doaz: «Unea litzateke zenbait lekualdaketaren eta Donostia ospitaleak zenbait jardueratan erreferentziazko zentro izaera galdu izanaren arrazoi teknikoak argitzeko ere». Hori da zerbitzuburuek Jaurlaritzari eta Osakidetzari bideratutako kexetako bat, Donostialdeko ESIan garatutako zenbait espezialitate Gurutzetako ospitalera bideratu dituztelako, «argudiorik gabe».

Halakorik berriz ez gertatzeko, «erreferentziazko unitateen eta goi teknologien kokapenaren inguruko erabaki estrategikoak» hartzeko «kontsultarako mahai bat» eratzea nahi dute, balizko mugimenduak irizpide teknikoen eta lekuan-lekuko lan esperientzien arabera hartu daitezen.

Donostialdeko ESIa ez «zatikatzeko» ere eskatu dute zerbitzuburuek, eta lehenbailehen emateko Onkologikoa bertara txertatzeko pausoak ere; bi eraikinak banatzen dituzten «azpiegitura arazoak» konpontzetik hasita.

Egin beharreko aldaketak, ordea, Donostialdeko ESItik haratago iritsi behar dira. Besteak beste, Osakidetzaren giza baliabideen «deszentralizazioa» eskatu dute, ESI bakoitzak baliabideak bere beharren arabera antolatzeko aukera izan dezan. Horri lotuta, erakunde sanitario bakoitzaren egoera ezagutarazteko eskatu dute, hartzen diren erabakiak «garden» ikusteko.

Zerbitzuburuen kexak orokorragoak dira. Horren adibide da atzo Donostia ospitaleko 150 langile inguruk bat egin zutela haien elkarretaratzearekin. Egoera konpondu ezean, egunero edo ia egunero biltzeko asmoa dute, ospitaleko atarian.

«Erresistentzia» aginduei

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, gaiaz galdetu diote Zupiriari. Sagarduik emandako azalpenak berretsi ditu: azpimarratu du Itziar Perez Donostialdeko ESIaren zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikoa kargutik kentzea ez dela izan arrazoi bakar baten ondorio, «gertakari kate baten ondorio baizik»; gertakari horiek egoera «jasanezina» eragin dutela azaldu du. Zupiriak berretsi du kargutik kendutako bi arduradunek ez zutela bat egiten Osakidetzaren bidearekin, eta «erresistentzia» agertu dutela Osakidetzako lan ildoarekin. Hau da, Osakidetzak eta, horrenbestez, Jaurlaritzak berak duen «estrategiatik kanpo» aritzeagatik kargugabetu dituztela bi profesionalak.

Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Osakidetzaren erronka zera da: pandemiaren «zulotik» ateratzea eta etorkizunera begiratzea, besteak beste, lehen arreta indartuta eta gaixotasun kronikoei aurre eginda. «Osakidetza sare bat da, eta guztion arteko lankidetzaren bitartez eman behar zaio erantzuna».

Sagarduik gobernu kontseiluan adierazitakoaren berri eman du Zupiriak. Kontatu duenez, Osasun sailburuak azpimarratu du Osakidetzak «kalitatezko» osasun laguntza ematen jarraituko duela, eta helburu hori dutela Donostialdeko ESIan egindako aldaketek. «Osasun sistemaren funtzionamendu egokia bermatze aldera hasi da lanean zuzendaritza berria». Dena dela, ez du zehaztu zer urrats egingo dituzten Donostia aldeko ESIaren krisiari konponbidea emateko.

Sagarduiren lanak eta kudeaketak goitik beherako babesa dauka Eusko Jaurlaritzan, Iñigo Urkullu lehendakariarena barne, Zupiriak nabarmendu duenez. Halaber, Zupiriak jakinarazi du Sagarduik eskatu duela legebiltzarrean agerraldi bat egitea, auzi honen inguruko azalpenak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.