Txibitek lehen arreta indartu eta itxaron zerrendak murriztu nahi ditu

Nafarroako Parlamentuan osasungintza izan dute hizpide, Nafarroako Sindikatu Medikoak deitua duen greba mugagabearen atarian. Gobernuak ziurtatu du osasungintza zaintzen duela

Maria Txibite hizketan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Osasungintza. Horixe izan zen hizpide nagusia atzo Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. Otsailerako greba deialdiaren atarian, sare publikoarekin konprometituta dagoela nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuak. Dena den, Maria Txibite presidenteak onartu zuen hutsuneak ere badaudela, Geroa Bairen galderari erantzunez: «Lehen arretaren sendotasuna berreskuratu behar dugu, aparteko inpaktua jasan baitu pandemiako eta pandemia ondoko urteetan, eta itxaron zerrendetan eragiten jarraitu behar dugu».

Nafarroako osasungintza publikoan otsailaren 1etik aurrera deituta dagoen greba mugagabearen itzalpean egin dituzte adierazpenok. Nafarroako Sindikatu Medikoak deitu ditu langileak grebara, baina gainerako sindikatuek ez dute bat egin. Besteak beste, eskatzen dute «gehiegizko lan karga» amaitzeko neurriak hartzeko eta lan sariak hobetzeko, baina baita esklusibotasuna kentzeko ere. Esklusibotasun osagarria Osasunbidean soilik lan egiten duten langileei ematen dieten diru osagarria da —oinarrizko soldataren %45-55 izan ohi da—. Hori kentzeak bide emango lioke osasun langile publikoek sare pribatuan ere lan egiteari.

Txibitek greba izan du hizpide. Esan du harrigarria iruditzen zaiola grebari buruz hitz egitea «gainerako legealdietan grebarik egon izan ez balitz bezala». Erantsi du: «Aurreko legealdietan konpondu ez ziren gauzei aurre egiten ari gara».

Eta, aldi berean, gobernuaren lana nabarmendu du: «Osasungintzan inbertsiorik handienetakoa egiten duten erkidegoetako bat gara, eta bultzatzen jarraitu behar dugu, osasun sistema indartu dadin. Horretan jarraituko dugu». Haren hitzetan, «esfortzu nabarmena» egiten dute osasungintzan, eta bide hori urratzen segituko dute, «mahai gainean baliabideak jarrita». Azaldu dubaldintzak hobetzeko negoziatzen ari direla, eta horrek ekonomikoki ere izango duela isla. «Etorkizuna planifikatzen ari gara, osasun langileen falta konpondu ahal izateko».

Bide bertsutik jo du Santos Indurain Osasun kontseilariak. Ziurtatu du elkarrizketarako eta akordioak egiteko borondatea baduela gobernuak osasun sistema publikoa indartu dadin, greba deialdia gorabehera. Espero du deialdi hori «bideratu» ahal izatea. Bide horretan, Osasun Departamentuak zenbait neurri planteatu ditu asteon: besteak beste, lanpostuak gehitzea, lanpostu estrategikoak sustatzea eta gehiegizko lan zama apaltzea.

EH Bildu, kritiko

EH Bilduko parlamentari Txomin Gonzalezek lehen arretaren inguruko negoziazioez galdetu dio Induraini. Gonzalezek esan du Nafarroako Gobernuak negoziazio horietatik kanpo utzi dituela zenbait estamentu eta ordezkari sindikal. Izan ere, haren esanetan, lehen arreta ez da medikuntza bakarrik, eta uste du proposamenak langileen ordezkariekin eztabaidatu behar direla. Nafarroako Sindikatu Medikoa ere aipatu du: «Nafarroako Sindikatu Medikoak gainerakoek bat egiten ez duten aldarrikapenak baldin badauzka, beste irtenbide batzuk aurkitu beharko dira. Baina departamentuaren estrategia oso kezkagarria da: erlazionatzeko modu bakarra ezartzen ari da, eta etengabeko gatazkarekin lotuta dago».

Indurainek, baina, ezeztatu egin du Gonzalezek esandakoa. Haren esanetan, ematen du egin dituzten proposamenak greba eragozteko direla, baina ziurtatu du aurretik datozela, eta epe ertaineko edo luzeko bidea dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.