Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

COVID iraunkorraren gorabeherak

2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasunaren esparrua oso zabala da. Asko kutsatu eta sintomarik gabekoak dira, beste batzuek sintoma arinak dituzte. Zoritxarrez, adinaren arabera, kutsatutakoen %10-20 ospitaleratu egin behar dira, eta horietatik %10 ere zainketa intentsiboko unitateetara ailegatzen dira koadro klinikoa konplikatu egiten delako. Baina espektro zabal honetan badaude kutsatu egin diren pertsonak eta hilabeteetan sintomak dituztenak ere, hobekuntzarik lortu gabe. Horiek COVID iraunkorra dutela esaten da.

Hainbat ikerketak diote kutsatutakoen %10-20k iraunkortasun hori mantentzen dutela, eta gerta liteke hasieran sintomarik ez izatea eta ondorengo hilabeteetan sintomak agertzea. Izatez, sintomek denboran iraun dezakete, ahalegin fisikoa eta mentalarekin okerrera egin edo gaitasun funtzionala mugatu. Horrek gaixo hauen bizitzan eragozpen handiak sorrarazten ditu, eta asko lanik egin gabe daude gaixo baimenarekin denbora luze horretan.

Nahiz eta asko ikertu zergatik gertatzen den COVID iraunkorra gaixo batzuetan eta besteetan ez, oraingoz ez dago guztiz argi horren arrazoia. Hipotesi ezberdinak daude, eta horien barnean aipatzen da koronabirusa sormen egoeran, ezkutatu bezala, mantendu daitekeela gure gorputzeko alde ezberdinetan. Badaude birus ezberdinak horrela joka dezaketenak, esate baterako, herpesbirusak, eta horien barnean nahiko famatuak diren ezpainetako herpesaren eragileak. Birus bitxi honekin haurtzaroan kutsatzen gara, eta betiko gure barnean gelditzen da ezkutatuta gure neurona ezberdinetan. Pertsona batzuetan eta gehienetan, faktore ezberdinek lagunduta (estresa, beste infekzio batzuk, hormonak...), esnatu egiten dira neurona horietatik, eta kaltea egiten hasten dira, ezpainetan herpesak ageriz. Bizitzan zehar pertsona batzuetan gertaera hauek errepikatzen dira, maiztasun ezberdinarekin, eta, aldiz, beste batzuetan inoiz ez da ageri horrelako sintomarik, nahiz eta bere neuronetan birusa presente dagoen.

Beste hipotesi batek dio kutsatzean pertsona batzuk autoantigorputzak sortzeko gai direla, hau da, beren sistema immunearen kontra eragina izan dezaketen antigorputzak, erantzun immune hori blokeatuz eta horrela birusaren iraunkortasuna mantenduz.

COVID iraunkorra duten pertsonentzako txertaketa egokia ote den ere aztertu egin da. Badaude ikerketa batzuk aipatzen dutenak gaixotasun iraunkorra duten gaixoen %23k txertatu ondoren sintomen hobekuntza bat izan zutela, baina %6 gaizkiagotu egin ziren. Txertaketarekin gerta liteke gure sistema immunea aktibatzen dugula, eta ezkutatuta dagoen koronabirusa blokeatzeko gai izan daitekeela. Baina koronabirusaren iraunkortasunaren arrazoia autoantigorputzen eraketa balitz, txertoak ezer gutxi egingo luke horien kontra.

Koronabirus berri honekin ikusten ari garen moduan, oraingoz goizegi da ondorio sendoak emateko gai honetan ere, eta benetan jakin arte zergatik gertatzen den iraunkortasun hori, zaila da horri irtenbide arin eta egoki bat ematea. Ikerketa da, dudarik gabe, biderik garrantzitsuena hori lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.