Albistea entzun

Esari buruzko azken ebazpenak ere ezin du bermatu segurtasuna

Madrilek eskatutako txostena 2021eko apirilekoa bada ere, Nafarroako Gobernuak dio «aurtengo uztailean» jaso zuela
Esako urtegiko presa gaur egun.
Esako urtegiko presa gaur egun. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko irailak 22

Esako urtegiaren segurtasuna «ustezkoa» da. Fede kontua. Hori ondoriozta daiteke Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren zigilua daraman azken ebazpena irakurrita. Zera irakur daiteke, adibidez, ondorioen atalean: «Egonkortasunari eragiten dioten faktoreen ziurgabetasuna dela eta, oso zaila da frogatzea egungo baldintzak segurtasun faktore onargarri baten gainetik daudela». Eta bi paragrafo beherago: «Hainbeste dira kasu honetan argitu gabe daudenak, ezin baitira ziurtzat jo segurtasun koefiziente bat lortzeko kalkulu edo modelizazioak».

Hala eta guztiz ere, txostenaren egileek —Espainiako Bide, Ubide eta Portuen Ingeniarien Elkargoak— ez dute eragozpenik antzeman urtegia handitzeko lanei segida emateko. «Uste dugu hegalaren segurtasun faktorea 1 baino handiagoa dela». Uste horretan oinarritu dute urteetako atzerapena eta ehunka milioiko gainkostua pilatu duen azpiegitura erraldoi bati emaniko oniritzia.

Segurtasun faktore eskasa

Zer da, baina, 1eko segurtasun faktorea izatea? Geologoen arabera, 1eko faktore horrek esan nahi du Esako urtegiaren eskuin magala irristarazten duten indarrak eta hari eusten diotenak parekoak direla. Oreka zorrotza edo oreka hertsia izena eman diote egoera horri.

Auzia horrela azaldu zuen Zaragozako Unibertsitateko geologo Antonio Casasek 2020an, Nafarroako Hitza-n: «Esako urtegiko eskuineko hegala ez da egonkorra; mugitzen ari da, eta 2013tik, inoiz ez da egonkorra izan. Orekan dela esanda, herritarrek uler dezakete ez dela arazorik; baina oreka zorrotzean egoteak esan nahi du abiadura iraunkor batean mugitzen ari dela; hori arriskutsua da».

Etxe baten eraikuntzarekin egin zuen alderaketa: «2,5eko segurtasun faktore bat jotzen da egokitzat etxe baten eraikuntzan. Imajinatu esaten dizutela segurtasun faktoreaz ahazteko; esaten dizutela etxean egon edo ez erabakitzeko, so eginen diotela habea konkortzeko abiadurari. Inoiz ez genuke horrelakorik onartuko». Geologoaren ustez, baina, «habea hasieratik konkortua duen etxe bat» da Esako urtegia.

Orain azaleratutako ebazpenean, ingeniarien elkargoak aitortu du Esako eskuin hegala mugitzen ari dela, «baina oso mantso». Hala ere, 2,5eko segurtasun faktorea ez, 1etik gora dagoen edozein «onargarritzat» jo du: «Badago nahikoa kontsentsu 1,25eko segurtasun faktorea arrazoizkotzat jotzeko, hegala baldintza estatikoetan balego [...]. Antzeko kasuetan, 1,1ekoa ere onartu izan da». Egoera prekario horren argitara, txostenaren egileek planteatzen duten konponbide bakarra da urtegia betetzeko probak «kontu handiz» egitea, pixkanaka, «atzera egiteko aukera emanez». BERRIAk kontsultatutako iturren arabera, ordea, ezinezkoa da halakorik egitea: «Materialek kohesioa galtzean, ez dago atzera egiterik. Probak ongi eginda ere, materialak ez dira izanen hasierako egoera berean».

Urtebete tiraderan sartuta

Orain azaleratutako ebazpenak hautsak harrotu ditu Nafarroan. Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak 2018an egin zion eskaera Bide, Ubide eta Portuen Ingeniarien Elkargoari, eta erakunde horrek 2021eko apirilean entregatu zuen txostena. Ordutik, baina, tiradera batean gordeta egon da: aurtengo otsailean, auziaz galdetuta, Espainiako Gobernuak aitortu zuen iazko ekainean jaso zuela ebazpena, eta Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari igorri ziela. Maria Txibiteren gobernuak, baina, ukatu egin zuen txostena jaso izana.

Atzo, Jose Maria Aierdi lehendakariordeak azaldu zuen «uztailaren 25ean» izan zutela Esaren egoerari buruzko ebazpenaren berri, eta «txostena jaso eta berehala» Lurralde Kohesioko Departamentuari eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari igorri zietela. «Oraintxe, xehe-xehe ari dira egiten ebazpenaren azterketa teknikoa, eta, horri esker, gure teknikarien irizpideen araberako balorazioa egin ahalko dugu». Aierdik aurreratu zuen ministerioaren txostenean «egokitzat» jotzen direla «urtegiaren segurtasun estandarrak», baina Nafarroako Gobernuaren ardura dela «iritzi hori berrestea edo ez».

EH Bildu eta Geroa Bai taldeek «kezka» adierazi dute Esako segurtasunari buruzko txostenaren gainean. EH Bilduk, adibidez, Espainiako presidenteorde Teresa Riberaren «premiazko agerraldia» eskatu du Espainiako Kongresuan, azalpenak eman ditzan. Txostena «behin eta berriro ezkutatzea» eta informazioa ukatzea leporatu die Bel Pozueta diputatuak Espainiako eta Nafarroako gobernuei.

Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek, berriz, «ezinegona» agertu du presaren segurtasunaren inguruan: «Txostena irakurrita, erantzun gabeko galdera asko dauzkagu. Ondorioei eskainitako hamaika orrialdeetan, adibidez, hamalau bider errepikatzen da ziurgabetasun hitza. Urtegiaren segurtasunari buruzko zalantzak argitzeko eginiko ebazpen bat izanda, ziurtasun handiagoa espero genuen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gotzone Sagardui sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean ©Raul Bogajo/ Foku

Osasun publikoaren lege egitasmoari «gabeziak» ikusi dizkiote EH Bilduk eta EP-IUk

Edurne Begiristain

Osasuna «politika publiko guztien» oinarrian jarri nahi dutela azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk esan dute lan egingo dutela Eusko Legebiltzarrean Osasun Publikoaren Lege egitasmoa «hobetzeko».

Ikasle batzuk euskararen aldeko mezu bat atzean dutela, Tolosako Laskorain ikastolan. ©JON URBE / FOKU

Irakasleen euskara maila kezkagai

Irati Urdalleta Lete

Hezkuntza Legearen aurreproiektuak jasotzen du irakasleak euskaran eta euskal kulturaren transmisioan trebatzeko prestakuntzak emango dituztela. Beraz, behar besteko maila al daukate? EHUren Hezkuntza Fakultateetako zenbait irakasle gaiarekin kezkatuta daude.
Carmen Adan, Beatriz Artolazabal, Iñaki Subijana eta Blanca Rosa Barbero gaur Bilboko Auzitegi Nagusian. ©Irekia

Justizia «azkarrago eta ulergarriago» egiteko plan estrategikoa aurkeztu dute

Mikel Garcia Martikorena

2028ra arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako justiziaren ibilbidearen noranzkoa adieraziko duen plan estrategikoa aurkeztu dute. 1.500 milioiko gastua aurreikusi dute.

Agerraldia egin zuten atzo Eusko Legebiltzarraren aurrean. ©Berria

IAk grebara deitu ditu bigarren hezkuntzako ikasleak urriaren 27rako

Berria

EAEko Hezkuntza Legearen eta erreformen kontra eta langile klasearen interesen alde antolatzeko deia egin dute, eta mobilizazioak egingo dituzte Hegoaldeko lau hiriburuetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...