EAJk eta PSEk esan dute Aritzetako auzia epaileen esku uzteko

ELAk Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu du Bidegik azpikontratatutakoek Aritzetan bota dituztela hondakinak

Greban dauden errepideetako langileek batzar nagusien aurrealdera eraman zuten atzo protesta. JONE ARRUABARRENA.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean, ELAk salatu du Gipuzkoako autobideak kudeatzen dituen Bidegi enpresa publikoak azpikontratatutako enpresek ez dituztela betetzen kontratuaren baldintzak eta kalte egiten dietela langileen lan baldintzei eta ingurumenari. Horrekin batera, Bidegiri egotzi dio azpikontratetan ezkutatzen dela, eta «ikerketa sakon bat» eskatu du irregulartasun horiek argitzeko. Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdi guztietako ordezkarien aurrean egin ditu sindikatuak adierazpen horiek, eta, besteak beste, Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek sindikatuari esan diote jo dezala auzitara «akusazio larri horiek frogatzeko elementurik» badu. Usurbilgo Udalak ohar batean jakinarazi du ingurumen teknikariak isurketak egiaztatu dituela.Aldundiari eskatu dio errepideetako hondakinen kudeaketarako eta kontrolerako neurriak har ditzala urgentziaz.

Hain zuzen, BERRIAk atzo argitaratu zuen informazioa helarazi zien sindikatuak Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen dituzten taldeei: aldundiak azpikontratatutako zenbait enpresa urte luzez aritu direla Gipuzkoako autobideetako hondakinak legez kanpo botatzen Usurbilgo Aritzeta eremuan (Gipuzkoa), AP-8 autobidearen bazterreko mendialde batean. Horrez gain, ELA sindikatuak adierazi du ez direla errespetatzen enpresa horietan lanean ari diren beharginen lan baldintzak. Eta greban dira beharginak azken zazpi hilabeteotan, salatzeko euren lan baldintzak eta segurtasuna ez direla errespetatzen.

EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoa alderdiek eskatuta, Batzar Nagusien Donostiako egoitzan egin du agerraldia sindikatuak, eta haren aurrean izan dira goizean goizetik greban dauden errepideetako langileak ere, beren egoera salatzeko. Kanpoaldean beharginen oihuak entzuten zirela hasi zuten bilera.

Kontratuak haustea

Sindikatuak egoera azaldu ostean, hitza hartu zuen Elkarrekin Gipuzkoako Arantza Gonzalez batzarkideak, eta Igor San Jose ELAko ordezkariari galdetu zion ea Bidegik kontratatutako pleguak aldatu dituen; besteak beste, plegu horietan zehazten da beharginek lehen mailako ofizialen ikuskaritzapean lan egin behar dutela, eta, kontratuan zehaztuta dagoen arren maila horretako 11 profesional egon behar direla, sindikatuak salatu du bi bakarrik daudela. San Josek azaldu duenez, ELAk ez dauka kontratu horiek aldatu izanaren berri, baina adierazi du, profesionalen mailari buruz galdetzean, Bidegik adierazi duela «aldundiaren baimena» daukatela hala jarduteko. Gehitu du Bidegiko administrazio kontseilutik ere ez dutela erantzunik jaso.

Jorge Martin Euskal Sozialisten ordezkariak adierazi du «zalantzan» jartzen duela aldundiak irregulartasun horien berri eduki izana. Horrez gain, gehitu du «epaitegietan konpondu beharreko auzia» dela, eta ez arlo legegilean: «Biltzar Nagusiek ezin dute auzi honetan esku hartu». Eusko Abertzaleak taldeko Eric Galvez ere bat etorri da: «Esaten ari zaretena frogatzeko gai bazarete, jo auzitara. Guk hemen egin dezakegun bakarra entzutea eta adorea ematea da». Horrez gain, azpimarratu du ELAren akusazioak «oso larriak» direla: «Diru publikotik etekina ateratzeko antolatuta dagoen talde kriminal batez ari gara».

San Josek, ordea, adierazi du aldundiaren esku utzi dituela Aritzetako zerbitzugunean hondakinak modu ilegalean isurtzen dituztela erakusten duten argazki eta bideoak, eta gehitu du «denon artean» konpondu beharreko auzia dela: «Gertatzen ari dena aldundiko arduradunei helarazi behar diegu, eta horretarako gaude hemen. Batzarkideak zareten heinean, zuek ere badaukazue erantzukizuna auzi honetan». Aldarrikatu du ezin dela «baloia langileen eta sindikatuaren teilatura» bota, «prekarizatuenak» direlako. Biltzarkideak gonbidatu ditu Aritzetan hondakinak bota diren eremua bisitatzera.

Azpikontratatuak

Lan publikoetarako enpresa pribatuak azpikontratatzearen zilegitasuna izan da beste eztabaida garrantzitsu bat. Galvezek aldeztu du legeak «baimendu» egiten duela halako lanetarako beste enpresa batzuk azpikontratatzea. Gehitu du ez dela ohikoena prozedura horri jarraitzea: «Errepideen arloan, azpikontratatutako enpresak %23 dira».

Elkarrekin Gipuzkoako Gonzalezek, ordea, adierazi du baimendu arren ez duela «derrigortzen»: «Beharrezkoa bada enpresa horiek kontratatzea, legeak dio justifikatu egin behar dela zertarako egiten den kontratazio hori. Gure taldeak aspaldi proposatu du kontratazio horiek kontrolatzeko behatoki bat sortzea». ELAko San Josek, berriz, aldarrikatu du azpikontratazioak «lan puntualetarako» bakarrik egin beharko liratekeela, ez «modu iraunkorrean».

Bitartekaritzarik ez

Preco gatazkak konpontzeko prozedurara jo dutela ere azaldu du ELAk, baina Bidegik bitartekaritza prozesu bat hasteari uko egin diola jakinarazi du sindikatuak. Gonzalez «harrituta» agertu da enpresak bitartekaritzari uko egin diolako, eta esan du Bidegiri galdetuko diola bere taldeak erabaki horren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.