Mirene Begiristain Zubillaga.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Zientzia fikzioak planeta salbatu dezake

2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Liburu dendak gainezka daude koronabirusaren osteko mundua nolakoa izango den aurreikusten dituzten saiakera generoko liburu ugariz. Hari punta asko dituen mataza batean, nola imajinatzen dugu planetaren etorkizuna? Ertz bati heldu nahiko nioke: nondik abiatzen garen etorkizun horren argazkia imajinatzeko.

Pandemia globalak libururen baten antzik izango badu, zientzia fikziozko lanen batena izango du. Dean Koontzen The Eyes of Darkness eleberriak kontatzen du 2020 inguruan Wuhango laborategi batean garatutako birus batek nola jartzen duen mundua hankaz gora; iragartze horrek, kointzidentziaren morboak bultzatuta edo, oso aipatua izatera eraman zuen pandemia hasieran.

Zientzia fikzioak badu, alde batetik, exotikotik, eguneroko bizitzako kontuak ez baitira, batzuetan, hain «erakargarriak» (nahiz eta honek ere iruditeria neoliberaletik asko izan dezakeen). Bestetik, etorkizuna nolakoa izango den jakiteak interesa pizten digu. Etorkizuna egin daitezkeen ekintzen lekua izan daiteke, kataklismo nuklearraz gain, bestelako mundu posibleak eraikitzeko lekua. Baina ez gauza handi eta zorigaiztokoei aurre egiteko eremua soilik, baizik eta eguneroko gauza txikiagoen aurrean beste norabide baterako atea izan liteke, eta haien ondorio bizigarriagoak topatzeko aukera eman lezake. Fikziozko zientziak etorkizun hori imajinatzerakoan zeregina izango balu... Detaile handi eta txikien iraultza irudikatzeko eta polinizatzeko rola emango bagenio...

Arrate Hidalgok azpimarratu du apokalipsia etorkizunean edo beste errealitateetan kokatzen duen fikzioak alde batera uzten duela maiz apokalipsia gure mundu honetan bizi dutenen—edo bizitzen ari direnen— esperientzia, aipatuz herri indigenak, esklabo bihurtutako afrikarrak edo berotze globalaren ondorioz haien bizimodu osoa galdu dutenak. Lerrokatuko nituzke zaintza lanetan esklabotza baldintzetan lan egiten duten bizilagunak ditugun emakumeak edota landa eremu biziak suntsitzen dituzten politikak ere.

Era berean, Hildalgok aipatzen duenarekin bat, bada apokalipsi kontzeptu inperialistari eta eurozentristari aurre egiten dion zientzia fikzioa. Kultura neoliberalak zientzia-fikzio kontserbadore mota batera ohitu gaitu, eta zientzia horrek oraina etorkizun distopikoan baino ez du luzatzen, proiektu neoliberala sendotzeko ez besterako pentsatzen du, eta etorkizuna itotzen du; ezin dugu dagoena baino gauza hoberik espero. Hori da egunero iristen zaizkigun mezu politiko, kultural eta mediatikoen ondorioa. Baina beste etorkizun ilun batzuen aurrean, askok erabaki zuten mundu hobeak imajinatzea eta haien alde lan egitea. Badelako zientzia fikzioaren bitartez bestelako mundu posibleak esploratzea; ebidentzia zientifikoak egun ematen dizkigun errealitatearen parametroen betiko irakurketetatik urrundu, eta erabat deskolokatuko gaituzten interpretazioak egin, eta baditugun hainbat alternatiba hedatzeko aukera erreal gisa begiratu eta baloratu.

Egun hauetan hain esentziala bihurtzen zaigun kultura-elikagaia etorkizuna estalgabetzeko energia bihurtzen da, eta biluzten digu imajinatzeko modua kontsumitzen dugun kulturarekin ere lotua dagoela. Horren adibide da Zirriborroak eta gero utopien etorkizuna irudikatzen duten hainbat euskal idazleren ipuin laburren bilduma zoragarria; edo Alegiazko fabulak-ek sortzen duen errealitatea; edota AnsibleFest ekimen traktorea. Azken aldian aipatuak izan dira gertu eta erruz ere Ursula Kroeber Le Guinen The Dispossessed, Marge Piercyren Woman on the Edge of Time edo Layla Martinezen Utopía no es una isla proposamenak. Mugaz bestalde aukerak estrapolatzeko ariketa sortzaileak.

Egungo erreferente utopikoak eta, aldi berean, pragmatikoak—ez inozoak— izan daitezke; gaurko antidoto sendagarriak. Sistemak, metodologiak, lekuak, prozesuak, aliantzak eta sareak, ideiak eta esperientzia praktikoak irudikatzeko osasuntsuak, erradikalki konprometituak eta ezinbestez anbiziotsuak. Akaso fikziozko zientzia planeta salbatzeko tindagai sozial eta kultural ezinbestekoa dugu, eszisio paranoiko, hotz eta bortitzekin kutsatu baino, trantsizio-ertzak tenperatura eta abiadura apalagoan oihala delineatzeko aukera eskaintzen diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.