Albistea entzun

Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Hitz bat mundua sendatzeko

Joseba Azkarraga Etxagibel - EHUko irakaslea

2021eko urtarrilak 23

Harrikoa egiten ari zara. Espartzuarekin gogotsu igurtzi duzu teontzia eta, hara, jeinua agertu ez zaizu ba! Desio moduko bat eskaini dizu: zeuk erabaki dezakezu zelan konpondu mundua. Buf... Baldintza bakarra: berba bat eta bakarra aipatu ahal diozu. Aladinorekin ez al ziren hiru desio eta jardun librean? Purrustada eragin dizu jeinuaren zekenkeriak, baina heldu diozu gizadia askatzeko zeregin prosaiko eta xumeari.

Zeure artean, goitik hasi zara hitzaren bila: iraultza? Kontserbadorea ere izan daiteke, edo neoliberala. Ez dizu balio, zeken horrek ez baitizu ñabartzeko bigarren hitzik onartuko. Bakea? Izan daiteke injustiziaz betea, hilerrikoa, nolabait. Orduan, justizia. Baina aberastasuna bikain bana dezakegu eta temati segi apokalipsi ekologiko eta klimatikoarekin. Next? Tira, behin izango gizadia askatzeko aukera eta har ezazu serio, jeinuak ez dizu ironia harrapatuko.

Bat-batean, argi ikusi duzu. Horrek bai, berba horrek badu gizadia amildegitik aldentzeko aski indar. Hasteko, helduleku serioa da aurre egiteko kolosoenari: klima. Zuzen-zuzen joko luke gas isurien %30en flotazio lerroan, eta, zeharka, eragina izango luke emisioen zati askoz handiago batean. Energiaz: askoz gutxiago kontsumituko luke munduak, eta hitzaren kode genetikoan dago uko egitea iturri fosilei. Ez dago, bestetik, ekonomia zirkularragorik. Une pandemikoan ez, aro pandemikoan sartu garen honetan, honako hau ere garrantzitsua: bioaniztasunaren berme litzateke. Baita aniztasun kultural eta hizkuntzazkoarena ere, ez legoke zertan bota demokrazia txerrien askara.

Indargunez beteta dago, hau marka: justizia distributiboa bihotzean darama. Are, antidoto bikainena da gose eta desnutrizioaren kontra. Baita patriarkatua eraisteko ere: hitza ulertezina da emakumeen ahalduntzetik kanpo. Itzalaraziko luke, gainera, dominazio koloniala. Zehatzagora etorrita, bertute handia: intentsiboa da enpleguan, erraz eta erruz sortuko luke gura beste zeregin.

Ez hori bakarrik: konponduko luke hamarkadatako higatze komunitario neoliberala, komunitate ahaldundua baita bere premisa oinarrizkoa, tresna funtsezkoa eta emaitza azkena (jabetza eta segurtasun pribatuaren ordez). Ardatz hartzen ditu bioeskualdea eta tokian tokiko lurraldea. Eta herrien autodeterminazioa bezainbat sustatzen ditu norbanakoaren autoaskitasuna eta sinpletasuna. Alegia, nahikotasun pribatua konbinatzen du luxu komunitario eta publikoarekin.

Abiadan duzu burmuina. Hitzak konponbidean jarriko lituzke funtsezko bestelakoak ere bai: deforestazioa, ozeanoen azidifikazioa, arrantza poltsen agortzea, lurren erosioa, uraren kutsatzea... Jainkoarren, gainditze bidean jarriko lirateke baita gizandreon osasun arazo ugari ere. Zerrendak amaiezina dirudi: ildo ezin hobea da naturaren arnasaz biziberritzeko geure gorputz estresatuak eta gogo deprimituak. Gutxi balitz, balio espiritualak ere bil ditzake.

To, zapaldu frenoa: eraiki dugun munduak ez du soluzio magikorik, are gutxiago definitiborik. Egia, baina hitza zenbat eta barreiatuago planetako bazterretan eta hanka bikoon hautuetan, hainbat hobeto irentsiko dira etortzear diren shock finantzario, pandemiko, klimatiko, energetiko eta alimentarioei. Erresilientzia, alegia. Alternatiba zibilizatorioa? Hitzak badu alternatibaren silueta marrazteko potentziarik. Biziaren eta kapitalaren arteko liskar zentralean, biziaren aliaturik onena ote den. Eta nekez kooptatuko luke dena xurgatzen duen kapitalismoak, nahiz ahaleginak dagoeneko badiren.

Zalantzarik balego: bere praxia ez da utopia bat, ukigarria da, etsenplu on ugari dago munduan. Eta ez da zaila bere indarra anplifikatzea. Dagoeneko 30 herrialdek badituzte berau sustatzeko legediak. Ez zabiltza Urriko Iraultzaz: Nazio Batuen Erakundeak eskatu du hitzaren aldeko hautu indartsuagoa munduan.

Hitza mingain puntan, zuzendu zara jeinuarengana: agroekologia, esan diozu.

Bioteknologia, robotika, kapitalismo kognitibo eta Netflix sasoian, agroekologia? Hain zuzen. Zibilizazio konplexu, jantzi eta bizigarri bat sortzeko oinarri gisa, erantsiz funtsezko hainbat industria prozesu eta egitura. Moderno, hipermoderno, neomoderno eta postmodernook: zenbat hobeto, bihurtuko bagenu Berta Caceres ikono, emango bagenio elikadura burujabetzari duen handitasun politikoa, indartuko bagenu Via Campesina subjektu gisa (Etxalde edota EHKOlektiboa, gurean). Ez egitasmo anti-moderno baterako, baizik eta jakinik opzioa ez dela jada globalizazio modernizatzailea (ez dago horretarako mundurik), ezta lokalismo tradizionalista itxia ere (ez dago horretarako gogorik).

Narratiba berria da zelan bizi ondo, justiziaz, muga biofisikoen barruan. Saiatu, nahi baduzu: hitz gutxik biltzen dute hainbeste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ertzaintzaren kontrol bat, iragan apirilean, Gasteizko irteeran. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Alarma egoeraren ostekoa kudeatzeko erak nahasmena eragin du Hegoaldean

Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz - Mikel P. Ansa

Nafarroako mugak igandean irekiko dituzte, baina epaileen esku dago etxeratze aginduari eustea. EAEko fiskaltza joan-etorriak mugatzearen kontra agertu da
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, atzo, Udaltop jardunaldietan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Eragile sozioekonomikoekin euskara aktibatzera deitu dute

Jone Bastida Alzuru

Abian da Udaltop, udaletako euskara zerbitzuen topaketa; gaur izango da azken eguna. Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko bideak jorratu dituzte
Euskara azterketa, atzo, Barakaldoko BECen. ©BERRIA

Ia 17.000 ikasle ari dira atzoz geroztik HABEren euskara azterketa egiten

Gotzon Hermosilla

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako deialdiez gain, Madrilgo eta Bartzelonako Euskal Etxeetan ere egingo dute euskara azterketa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna