Sexu jazarpenak salatu dituzte Baionako musika ikastaro batean

Ikastaroaren zuzendariaren kontrako salaketa aurkeztu dute hiru emakumek; 76 urteko gizon bat da. Prokuradoreak ikerketa hasi du

Baionako musika kontserbatorioan uda guziz ematen dituzten musika ikastaroak. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hiru salaketa ezarri dituzte Baionan antolatzen duten musika ikastaro bateko zuzendariaren kontra, sexu abusuak eta jazarpena egitea leporatuta. Baionako prokuradorearen arabera, ikerketa abiatu dute gertakariak argitzeko. Mediabask kazetak argitaratu dituen lekukotasunen arabera, biktimei ukituak egin zizkien, eta telefono eta mezu bidez jazarri. Salatutako gizonak ukatu egin ditu bere kontrako akusazioak.

Miarritze-Euskal Kosta Musika Akademiak musika ikastaroak antolatzen ditu uda guziz 2007az geroztik. Musika eskola horiek Baionako musika kontserbatorioan ematen dituzte, eta Baionako apezetxean aterpetzen dira ikasleak eta irakasleak. Egonaldi garaian haiekiko izandako jarreraren ondotik, ikastaroko zuzendariaren kontrako salaketa eman zuten iazko uztailean hiru emakumeek.

Hedabideari eman dioten lekukotasunetako baten arabera, ikastaroko lehen gauean berekin oheratzeko proposatu zien 76 urteko gizonak. «Ez zoaz zure logelara; nirekin geratuko zara, eta elkarrekin lo eginen dugu». Testigantza bera eman du beste salatzaile batek ere. Kontatu du gisa bereko proposamen bat egin ziola Parisko hotel batean, lan elkarrizketa batean. Halaber, salatu dute ikastaroa hasi aitzineko hilabeteetan eguneroko jazarpena jasan zutela: bai telefonoz, bai mezu elektronikoz. Beste emakume batek erantsi du behin gizona gainera bota zitzaiola musu emateko asmoarekin. Salatzaileek, gainera, auzitan eman dute gizonak adingabeekin zuen jarrera: kontatu dute haurrak anitz besarkatzen eta laztantzen zituela, eta deseroso jartzen zituela.

Musika ikastaroko zuzendariak ukatu egin ditu akusazio guziak, eta emakumeen jarrera «probokatzailea»eta janzkera aipatu ditu Mediabask-i egindako adierazpenetan; salaketak «zakarrontzietako esamesak» direla erran du.

Baionako prokuradoreari bidalitako gutunean, apezetxearen zuzendariaren lekukotasuna eman zuten salatzaileek; akusaziopean den 76 urteko gizona «zigorgabetasunez» ari den «harrapari» baten gisan deskribatu zuen. Mediabask-en aitzinean, erran horiek ukatu ditu. Aitzineko zuzendariak ere ukatu egin du musika ikastaroen arduradunak «jarrera desegokiak» zituela.

Justiziaren jarrera auzitan

Hiru emakumeek kontatu dutenez, Baionako polizia etxean ez zieten salaketa hartzea onartu «igandea zelako», eta prokuradoreari idaztea aholkatu zieten. Beren herrietara itzultzean, zegokien polizia etxean ezarri zuten salaketa. Urtarril bukaeran jaso zuen salatzaileetako batek Frantzia iparraldeko epaitegiaren mezua, zortzi hilabete berantago. Haren harridurarako, sexu jazarpenaren salaketa desagertua zen, eta lanerako askatasuna oztopatzea eta diskriminazioa baizik ez zituen aipatzen. Segida gabeko afera gisa sailkatua izan zen, gertakari horiek legeak zigortzen ez dituela argudiatuta.

2019ko udan ikastaroa egitea aurreikusten du Miarritze-Euskal Kosta Musika Akademiak. Baionako apezetxean erreserba egina dute, eta sare sozialetan ikasle eta irakasleak hautatzeko deialdiak zabaltzen hasiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.