Bi langile hil dira lan istripuz Errenterian eta Elgoibarren

Eraikuntzako langile bat eta garraiolari bat dira. Garraiolariaren albokoa larri zauritua eraman dute ospitalera

Elgoibarren istripua izan zuen kamioia errepidetik atera zuen ibilgailuan. Gainean, A-8 autobidea ikus daiteke. J. E. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Bi langile hil dira, eta beste bat larri zauritu da azken bi egunetan Errenterian eta Elgoibarren (Gipuzkoa) jazotako bi lan istriputan. Errenterian, 49 urteko eraikuntzako langile bat hil zen herenegun, aldamioko igogailuaren zulotik erorita. Elgoibarren, berriz, 61 urteko garraiolari bat hil zen atzo goizaldean, zirkulazio istripu batean. Kamioi bat, A-8 autobidetik irten, eta N-634 errepidera erori zen. Hildakoa kopilotua zen, eta haren kidea, 45 urteko gidaria, larri zaurituta eraman zuten Donostia ospitalera.

LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten 49 langile hil dira Euskal Herrian lan istripu traumatiko eta ez-traumatikoetan. Elgoibarko istripua atzo goizaldean gertatu zen, 02:00etan. Kamioiak Marokoko matrikula zuen, eta atoiak, Frantziakoa. Ibilgailua, A-8ko autobidetik irten, eta N-634 errepidera erori zen, Maltzagako biribilgunea eta Elgoibar arteko tartean. Lau bat metrotik behera erori zen, eta kabina erabat zanpatu zen.

Bi pertsona zihoazen barruan, eta, Ertzaintzak bart gauean zehaztu zuenez, biak ziren atzerritarrak. Anbulantzia eta suhiltzaileak berehala iritsi ziren istripuaren lekura, eta kopilotua hilda aurkitu zuten. Gidaria, aldiz, larri eraman zuten. Biak preso zeuden kabinaren barruan, eta suhiltzaileek askatu behar izan zituzten. Istripuaren unean, ez zen autorik pasatzen ari errepidetik, eta ez zuen beste inor zauritu. LABen zerrendaren arabera, aurten Euskal Herrian lanean hildako seigarren garraiolaria da. Iaz, sei garraiolari hil ziren lan istripuetan, eta 2020an, hamasei.

Babes gabeko zuloa

Errenteriako istripua herenegun izan zen, Goiko kaleko etxebizitza bateko berritze lanetan. Aldamio barneko igogailuko zulotik erorita hil zen langilea. LABek azaldu duenez, aldamioaren azpiegitura ondo muntatuta zegoen, baina igogailuaren zuloak ez zuen babes hesirik. Sindikatuen arabera, hori «ohikoa» da aldamio handietan: «Kanpo aldera ematen duten babes neurriak, agerikoak direnak, zuzenak izan ohi dira, baina barnekoak askotan ez dira jartzen».

Hil den behargina bera arduratzen zen segurtasun neurriak zaintzeaz. LABek gogoratu du horrek behar zuela haren betebehar bakarra, baina, kasu horretan, ez zen hala, garbiketa lanekin tartekatzen baitzuen bere ardura. Sindikatuak gogor kritikatu du hori, beste betebehar bat izanez gero segurtasun arduradunaren erantzukizuna «desitxuratzen» delako.

Aurten toki altu batetik erorita hildako bederatzigarren langilea da. Datu horretan oinarrituta, LABek eta ELAk gogor kritikatu dute Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren jarduna. Osalanek aurten erorikoak eragozteko kanpaina berezia jarri zuen abian. Hori ikusirik, sindikatuek «pasibotasuna» egotzi diote, obra gehienetan lege urraketek irautea ahalbidetzen duelako. Iaz sei langile hil ziren altuera jakin batetik erorita.

Elkarretaratzea, Errenterian

ELAk, LABek, ESK-k, STEILAS, EHNEk eta HIRU elkarretaratzera deitu dute gaurko, hildako bi langileak oroitu eta istripuak salatzeko. Errenterian egin dute deialdia, 12:00etarako, Udal Plazan. Lan-istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea lelopean elkartuko dira. Deialdian azaldu dutenez, lan baldintza prekarioek—azpikontratazioak, aldi baterako kontratuek, lan erritmoek...—zuzenean eragiten dute lan istripuetan, eta «egungo egoera ekonomikoak» areagotu egiten ditu arazo horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.