Murgiltze eredua defendatu dute eragileek Ipar Euskal Herrian

Gourault Frantziako ministroak ereduaren aurka eginiko adierazpenek kezka sortu dute, esperimentazio proiektuen errefusaren ostean baitatoz

Protesta Irisarrin, eskola publikoan euskaraz aritzearen alde, martxoaren 20an. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Erreakzio soka luzea sortu duteLurralde Kolektibitateekiko Harremanen Frantziako ministro Jacqueline Gouraultek joan den ostegunean Senatuan egindako adierazpenek. Alsaziako lurralde kolektibitateari buruzko eztabaidan, eskola publikoetan murgiltze eredua ezartzearen kontra mintzatu zen: «Murgiltze ereduan atzerriko ala eskualdeko hizkuntza baizik ez da irakasten, guk bultzatu nahi dugun irakaskuntza elebidunean ez bezala. Murgiltze eredua posible da ikastetxe pribatuetan, baina ez ikastetxe publikoetan, gurasoei ezin zaielako inposatu». Halaber, Frantziako Konstituzioaren kontrakoa dela ere erran zuen. Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskari Pierre Barrierek hurrengo ikasturterako hiru eskola publikotan pentsatuak ziren esperimentazio proiektuak errefusatu berri ditu, eta kezka eta haserrea sortu dituzte orain adierazpen horiek.

Errepublikanoak alderdiko Max Brisson senataria izan zen mintzatzen lehena, Senatuan berean. «Dudak nituen, orain argi dut: Euskal Herrian erraten ahalko dut Frantziako Gobernua murgiltze ereduaren kontrakoa dela», adierazi zuen, Ipar Euskal Herrian egiten diren esperimentazioak gogora ekarrita. Ministroaren akats bikoitza salatu du, berriz, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak sare sozialetan: «juridikoa», esperimentazioa lege esparruaren barruan egiten delako, eta «politikoa», «eskualdeko» hizkuntzei begira Frantziako Gobernuaren «gibel egitea» delako.

Thierry Delobel Ikas Bi guraso elkarteko presidenteak salatu du, halaber, Frantziako Gobernua «tronpatzen» dela, eta gaia ez duela «menperatzen». Hezkuntza Ministerioari dei eginen diotela baieztatu du. Ildo beretik, gobernuaren «jarrera ideologikoa» salatu du Marie Andree Ouret Biga Bai guraso elkarteko presidenteak, eta «biziki berri txarra» dela erran. «Harritua» agertu da, orain arte Hezkunde Nazionalak berak bultzatu izan duela adierazita. «Murgiltze ereduaren esperimentazioaren onurak goratzen zituzten».

Murgiltzea, «bide bakarra»

Euskal Konfederazioak «haserre biziz» hartu ditu Gouraulten hitzak. Gogor salatu du murgiltze eredua «esklusibo» gisa aurkeztu izana. Murgiltze ereduarekin ikasleak euskara eta frantsesa biak menperatzeko gai direla baieztatu du. «Murgiltze eredua da bide bakarra, egun, eskolara frantsesarekin sartzen diren ikasleak elebidun atera daitezen». Halaber, inposaketa beste alderakoa dela adierazi du konfederazioak, gurasoei eredu elebakarra edo elebiduna «inposatuko» zaielako. Murgiltze eredua eskola pribatuetan posible dela dio ministroak, baina konfederazioak salatu du ministerioak ez diela erantzuten ikastolen beharrei. Gobernuak hizkuntzen kontra «gurutzada berri bat» hasi duela salatu du, eta Euskal Herriko hautetsiei dei egin die estatuaren «erasoari» aitzin egin diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.