Nafarroak 54 milioi eskatu ditu eskola eta osasun etxeak eraikitzeko

Europako Batasuneko React-EU funtsetik 148 milioi euro jasoko ditu, eta 44 proiektutan inbertitzeko asmoa du

joxerra senar
Iruñea
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Next Generation funts handiaren barruan, EB Europako Batasunak pandemiaren ondorioei aurre egiteko React-EU funtsa egituratu zuen iaz. Orotara, 47.500 milioi euro banatuko dira, eta Nafarroari 148 milioi euro egokitu zaizkio —Hego Euskal Herriari, orotara, 574 milioi euro—. Nafarroako Gobernuak diru hori 44 proiektutan inbertitzeko proposamena aurkeztu zuen atzo: 54,5 milioi euro sei osasun etxe eta bost eskola eraikitzeko eta berritzeko erabili nahi ditu gobernuak; 36,7 mi lioi, enplegu arloko programetarako, eta gainerako 47,8 milioi, trantsizio ekologiko eta digitaleko egitasmoetarako .

Next Generation inbertsio plan zabalaren barruan, EBren tresna nagusia Suspertze eta Erresilientzia Funtsa izango da, eta Nafarroako Gobernuak 125 proiektutan inbertitzeko asmoa aurkeztu zuen urte hasieran. Inbertsio horiek sei urterako epea dute; React-EU funtsak finantzatuko dituen egitasmoek, berriz, 2023rako gauzatuta egon behar dute, eta, horregatik, gobernuak garrantzitsutzat jo zuen aurreratuta diren inbertsioak aukeratzea. Maria Txibite lehendakariak azpimarratu zuen «apustu irmoa» egin dutela: «Baliabideekin, eta ez murrizketekin, aurrera jo besterik ez dugu, ez baitugu utziko krisi honek beste krisi bat eragitea».

Alde batetik, 54,5 milioi erabili nahi dituzte zerbitzu publikoak sendotzeko. Hezkuntzan, zehazki, 8,7 milioi eta 3,6 milioi jasotzea proposatu dute Iruñeko Lezkairu auzo berrian eta Erriberako Sesma herrian eskola bana eraikitzeko. Horrez gain, 10,5 milioi baliatuko dira Agoizko eta Zudairiko ikastetxe publikoa eta Iruñeko hezkuntza bereziko Andres Muñoz Garde ikastetxe publikoa berritzeko.

Osasun arloan, berriz, hiru milioi euro proposatu dira pandemiak ezarri dituen beharretarako. Halaber, bost osasun etxe eraikiko dituzte, Zarrakaztelun, Cascanten, Garesen, Atarrabian eta Zizur Nagusian, eta, horretarako, 18 milioi euro eskatuko dituzte. Gainera, Berriozarko osasun etxea zabaldu egingo da, eta 1,2 milioi eskatuko ditu horretarako. Proposamenak jasotzen duenez, 7 milioi inbertitu nahi dituzte erradioterapia eta onkologia zerbitzuak berritzeko.

Enpleguaren arloan 36,6 milioi inbertitzea aurreikusten du, eta digitalizaziorako eta trantsizio ekologikorako, 47,6 milioi euro. Besteak beste, bioerregaien laborategirako 7,6 milioi eskatu ditu, eta 4,4 milioi euro Naveac egitasmorako: ibilgailu elektriko eta autonomoen proiektuak bultzatu nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.