Koronabirusa. Txina

Txina munduaren beldur da orain

Asiako erraldoiak garaitzear du koronabirusa: herritarrak kalera irteten hasi dira berriro, eta berrogeialdi zorrotzak ezartzen dizkiete beste herrialde batzuetatik iritsitakoei.

Txina munduaren beldur da orain.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Eguzkia irten da Txinan. Tenperaturak jauzia egin du, eta udaberria iritsi da bat-batean. Erabat desagertu dira SARS-CoV-2 koronabirusaz herrialdean bertan kutsatuak: asteartean, lehen aldiz, Txinan ez zuten erregistratu herrialdean bertan kutsatutako kasurik. Beste herrialde batzuetatik iritsitako kutsatuak soilik atzeman zituzten. Hamalau egunez berrogeialdian jartzen dituzte herrialde mordo batetik iritsitako herritarrak; aurki, Europako Batasuneko herrialde guztiak egongo dira berrogeialdirako zerrenda horretan.

Asteetan hutsik egon dira aireportuak, eta orain milaka lagun ari dira direnak eta ez direnak egiten Txinara bueltatzeko. «Seguruago sentitzen naiz hemen», adierazi du telebistan Alemaniatik iritsi berri den bidaiari batek. Behin-behineko egoitza batzuetara eramaten dituzte bidaiari guztiak: deklarazioa hartzen diete, koronabirusaren probak egin, eta zehazten diete non egin behar duten berrogeialdia. Hasieran gobernuak berak hartzen zuen bere gain horren gastua, baina, ikusita zenbat bidaiari ari diren iristen, nork bere sakelatik pagatu behar du dena.

Antxon San Miguel euskal herritarra Ningboko lantoki batean aritzen da, eta uste du zortea eduki duela, eragotzi baitute emaztea eta bi alabak hotel batean edo bakartze eremu batean sartzea: etxean itxita daude. «Agintariek ez didate onartzen haiekin inolako kontakturik izatea, eta mendialdeko hotel batera joan naiz». Txinaren lana goraipatu du San Miguelek: «Une oro ari dira artatzen emaztea eta alabak: mediku bat egunero joaten zaie tenperatura hartzera, eta erosketak etxera igotzen dizkiete».

Txundituta

Birusa berriro zabaltzea eragotzi nahi dute agintariek. «Oraingo helburua da beste infekzio olde bat ekiditea: 1918an hori gertatu zen gripe espainiarrarekin. Gobernuak ez ditu mugak itxi nahi, baina ez du arriskurik hartu nahi, pikutara joango bailitzateke koronabirusa garaitzeko egindako sakrifizio osoa». Guillaume Zagury mediku espezialista mintzo da: SARS birusaren krisia bizi izan zuen Txinan 2002 eta 2004 artean, eta harrituta dago Europaren ekintza faltarekin. Hala daude Txinako herritarrak ere: txundituta, ikusita Mendebaldeko gobernuek ez dituztela ixten oinarrizkoak ez diren enpresa guztiak. «Uste dut mundu osoak ikasi beharko lukeela Txinaren esperientziatik», nabarmendu du Liao Yinglingek. Shenzhengo enpresa teknologiko batean lan egiten du, eta hilabete baino gehiago eman du etxetik atera gabe.

«Urtarrilaren 19an bueltatu nintzen, Urteberria familiarekin pasatzeko, eta 21ean utzi nion kalera ateratzeari. Martxoan itzuli naiz ohiko bizimodura, baina maskararekin ibiltzen naiz beti», azaldu du. «Denaren beldur izan naiz. Jakina, infekzioaren beldur, nire gurasoak adinekoak direlako. Baina izan dut lanetik kaleratuko ninduten beldurra ere. Zorionez, etxetik aritu naiz lanean, eta ez zaigu ezer falta izan, modua izan dugulako Internetetik erosketak egiteko. Hau izan da familiarekin denbora gehien igaro dudan garaia, eta tentsiozkoa izan da harremana. Bi gauza dira eramaten zailenak berrogeialdian: ziurtasunik eza eta elkarbizitza. Ohartu naiz nolako belaunaldi arrakala daukagun Txinan: iritzi kontrajarriak dauzkagu ia denean, eta ez dakigu zeri buruz hitz egin liskarrean hasi gabe».

Ez zaio arreta handirik jartzen itxialdiaren alde psikologikoari, baina ez da gai hutsala. Hainbat ikerketak ohartarazi dute izu atakeak sor daitezkeela, edo depresioak. «Hasieran, psikologikoki eragin zidan itxialdiak. Uste nuen ondo etorriko zitzaidala idazteko, baina antsietatez nengoen, eta ezin nituen teklak sakatu. Sare sozialak begiratzen aritu naiz, kezkatuta, eta horrek areagotu egin dit ezinegona». Huang Jiashi idazlea da, eta komunitate kudeatzaile lanetan dihardu Nanjing hirian, Jiangsu probintziako hiriburuan. «Dena amaitzen denean, izugarria da saria: ez dago sentsazio hoberik berriro kalera irtetea eta eguneroko zereginetara bueltatzea baino».

Nolanahi ere, normaltasunetik urrun dago Txina oraindik. Derrigorrezkoa da maskara erabiltzea; enpresa askok oraindik ez dute lortu berriro martxan jartzea, eta lehen datu ekonomikoek suntsipena erakusten dute: urtarrilean eta otsailean, aktibo finkoen inbertsioa %24,5 jaitsi da; kontsumoa, %20,5; eta industria produkzioa, %13,5.

Hu Xiaok aitortu du ez dela eramanerraza izan berrogeialdia, baina harro agertu da herrialdeak izandako jarrerarekin: «Kolektiboaren interesak jarri dira norberarenen gainetik; osasuna lehenetsi da ekonomiaren aurretik. Uste dut jendeak arduraz jokatu duela, eta bere ongizateari muzin egin diola kexa gehiago egin gabe, agintariek agindutakoari jarraikiz. Ez nago ziur berdin jokatuko duten beste herrialde batzuetan».

Ez da beldur hori agertu duen bakarra. Areago, beldur hori aitzakia hartuta, ekintza arrazistak ari dira zabaltzen, txinatarrek Europan jasan zituztenen gisakoak. «Ez didate inon sartzen uzten, Espainiako pasaportea daukadalako», kontatu du Shanghain ari den langile euskal herritar batek —ez du izenik eman nahi izan—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.