Onintza Enbeita.
BIRA

Norbere mina

2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Afaltzen geundela hasi zen negarrez. Motiboak ezin zaizkio ukatu, baina guztiei ez zitzaien ondo iruditu. Harrigarria da zein erraz mespretxatzen dugun sufritzen ari dena: ez dela hainbesterako, etxean gelditu behar lukeela... Azkenean min duenak ere horixe sinisten du: «Hobeto etorri ez banintz». Ez nago ados. Ahal bada, beti etorri behar da dena delako lekura: mina errazago eramaten laguntzen du negar egiteak, sufriarazten diguna zer den esateak... Maite dugun jendeak izan behar luke gure babesleku negar egin nahi dugunean. Maitasunez eraikitako espazioetan ez bada, non egingo dugu lasai negar?

Batzuek beti jartzen dizkigute mahai gainean okerrago daudenak. Ez dut esango munduan nahi adina tragedia ez dagoenik, baina semea hil zaion amari bere semea falta zaio nahiz eta goseak zenbat jende hiltzen duen jakin. Eta maitaleak utzi duenari haren besarkada falta zaio nahiz eta jakin munduan zenbat emakume bortxatzen dituzten egunero. Eta lanetik bota dutenari amildegia zabaltzen zaio aurrean, nahiz eta jakin lanerako aukerarik ere ez duen jende asko dagoela. Ez genioke inori trabarik jarri behar bere mina adierazteko. Denborak erakusten digu hainbesterako izan den edo ez, baina hori zauriak itxi eta gero jakiten da. Bitartean zergatik ez egin negar lasai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.