Zaporizhia «egoera txarrean» dagoela esan du IAEAk

Errusiak adierazi du Kharkivetik zibilak ateratzen ari direla. Ukrainarrentzat negurako uniformeak eskatu dituzte

Errusiaren ibilgailu militarrak Kharkivera bidean. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bonbardaketa batek Ukrainako Enerhodar hiriko argindar azpiegitura suntsitu zuen atzo, Zaporizhiako zentral nuklearra, Europako handiena, arriskuan jarriz. Hala salatu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buru Rafael Grossik komunikatu batean. Haren arabera, erasoaren ondorioz, eten egin zen zentralaren eta Ukrainako argindar sarearen arteko lotura.

Grossik ohartarazi zuen «egoera txarrean» dagoela zentrala, eta «berehala» ezarri beharra dagoela segurtasun eremu bat zentralaren inguruan, istripu nuklear bat eragotzi nahi bada: «Ezin zaio luzaroan eutsi egoera honi. Zentralak dagoeneko ez du loturarik argindar sarearekin, eta argindar sorgailuen menpe dago oinarrizko lanak egiteko. Azpiegitura konpontzen saiatu arren, berriz hondatzen dute. Erasoak gelditu behar dira, eremua segurtatuko badugu». Errusiak berehala erantzun zuen Grossiren eskariarekin bat eginez, eta bide batez erasoen erantzukizun osoa Ukrainarengan utziz. Arazoa da, ordea, Kievek ere ukatu egin duela zentralaren aurkako bonbardaketen erantzule izatea.

Zaporizhiako zentrala Errusiak kontrolatutako eremuan dago, nahiz eta bertako langileak ukrainarrak izan, eta zentraleko oinarrizko eginbeharretarako argindarra Ukrainatik jaso. IAEAk, zentralera egindako bisitaren ostean, salatu zuen gutxienez bi instalazio hondatu dituztela erasoek, eta eskatu zion Moskuri eraikinaren barruan gordetzen dituen ibilgailu militarrak eta armak handik ateratzeko, eta bi aldeei «segurtasun nuklearrerako eremu bat» bermatzeko.

Kontraerasoak

Ukrainak kontraerasoan jarraitzen du ekialdean. AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek jakinarazi zuenez, tropak aurrepausoak egiten hasiak dira Kharkiven eta Khersonen. Kieveko iturrien arabera, Ukrainak 700 kilometro koadro berreskuratu ditu Kharkiv hegoaldean eta ekialdean, eta 50 kilometro barneratu dira Errusiaren kontrolpeko eremuan.

Kharkiven bizi diren zibilak handik ateratzen hasia da Mosku. Hala adierazi zuten atzo Errusiako Gobernuko iturriek. Horrez gain, gerra ibilgailu eta soldadu gehiago bidali dituzte eskualde hartara, Kieven kontraerasoari aurre egiteko. Vitali Gantxev buruzagi militarraren esanetan, borrokak «gogorrak» dira Balaklian —Kievek ostegunean esan zuen bereganatu egin zuela herria—. Gantxevek berak aitortu zuen atzo herria ez dagoela tropa errusiarren kontrolpean, baina hura «berreskuratzeko» lanean ari direla. Sei hilabetez egon da Balaklian Moskuren menpe.

Erasoaldiari eusteko laguntza eskatzeko asmoz, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik agerraldi telematikoa egingo du datorren asteazkenean AEBetan, armagintza enpresei mintzatzeko. Pentagonoak dagoeneko aurreratu du armagintza industriak baduela «nahikoa ahalmen» ekoizpena handitzeko, eta, beraz, «Ukrainari laguntzeko».

Armak bakarrik ez, neguari aurre egiteko arropak ere behar dituzte Ukrainako soldaduek, eta horixe eskatu dio nazioarteari NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek: «Negua badator, eta gogorra izango da. Jarraitu beharko dugu Ukrainari militarki laguntzen, ez bakarrik armekin, baita negurako arropekin, dendekin, argindar sorgailuekin, eta negurako behar diren bestelako ekipamenduekin». Ukrainan ohikoak izaten dira zeropeko 15 graduak neguan, eta, gerra hastearekin batera, Kievek armak hartzera deitu zituen 18 eta 60 urte bitarteko gizonezkoak. Armadak ez du, ordea, haientzako guztientzako baliabide nahikorik, eta, ondorioz, nazioartetik bidaltzen diotenaren menpe dago.

Borrokarako ez ezik, egunerokoan aurrera egiteko ere laguntza behar du Kievek. Hala, Europako Batasuneko Finantza ministroek 5.000 milioi euroko mailegua onartu zioten atzo, eskolak, erietxeak eta bestelako oinarrizko zerbitzuak zabalik mantendu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.