Hasi da itunen dantza

EH Bilduk eta ERCk Espainiako Gorteetarako bozetan ere elkarrekin aurkeztu nahi dute. UPN, PP eta C's elkar hartuta joan daitezke

gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak aurreratu izanak bizkortu egin ditu indar politikoen arteko aliantzak lortzeko mugimenduak, eta datozen egunetan areagotu egingo dira mugimendu horiek. Orain, esaterako, iragarri dute EH Bildu eta ERC ados jarri direla Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan elkarrekin joateko.

Bi indarrek badute akordio bat BNG eta beste alderdi batzuekin Europako hauteskundeetan batera aurkezteko, baina oraingo ituna gauzatuko balitz, estreinako aldiz aurkeztuko lirateke EH Bildu eta ERC elkarrekin Espainiako hauteskundeetan.

EH Bildun nahiago dute aurreakordioaz hitz egitea, oinarriek berretsi arte ez baitago akordiorik: hori, seguru asko, martxoaren 23an egitekoa den nazio batzarrean izango da. Bestalde, aliantza politiko horrek hartuko lukeen molde juridikoari ere ez diote ematen aparteko garrantzirik: izan ere, hauteskunde barrutia probintzia izanik, ez dago argikoalizioa molderik egokiena ote litzatekeen. Batez ere, nabarmendu dute aliantza politikoa lortu izanaren garrantzia, hau da, hauteskundeen ostean batera aritzeko eta talde parlamentario bakarra osatzeko konpromisoa.

Aliantza politiko horren ardatzak autodeterminazio eskubidea, errepresioaren kontrako jarrera —presoak askatzea barne—eta eskubideen murrizketari buru egitea dira, eta akordioabeste indar politiko batzuei zabalik dago, bereziki BNGri, hiru alderdiak elkarrekin joango baitira maiatzeko bozetan.

EH Bilduk bihar egingo du bere Mahai Politikoaren bilkura, Donostian; han aztertuko dute ERCrekin erdietsitako akordioa, eta, ondoren, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak agerraldia egingo du horren xehetasunak azaltzeko.

Bi indarren arteko elkarlana gauzatuko balitz, oso litekeena da Kongresuan talde abertzalerik handiena izatea EH Bilduk eta ERCk osatutakoa. Oraingo emaitzekin talde horrek 11 diputatu izango lituzke —bederatzi ERCrenak eta bi EH Bildurenak—; baina inkesta guztien arabera, bi indar horiek gora egingo dute datozen hauteskundeetan. PdCATek orain zortzi diputatu ditu, eta EAJk bost.

UPNren eskaintza C's-ekoei

Berritasun politiko handia izango litzatekeen arren, inor gutxi harrituko litzateke EH Bildu eta ERC elkarrekin ikusita, Europako bozetan ere halaxe joango baitira. Askoz harridura handiagoa sortu du atzo Diario de Navarra egunkariak zekarren albisteak: UPNko buru Javier Esparzak proposatuko dio alderdiaren Kontseilu Politikoari PPrekin duten ituna Ciudadanos alderdiari ere zabaltzea, eta, hortaz, PP, UPN eta C's elkarrekin aurkeztea Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, Espainiako Gorteetarakoetan eta udal bozetan.

Hiru alderdiak esparru politiko berean aritzen diren arren, Ciudadanos behin baino gehiagotan azaldu da Nafarroak duen erregimen bereziaren eta horrek dakartzan «pribilegioen» aurka; horregatik da harrigarria UPNren buruaren eskaintza. Diario de Navarra-ren informazioaren arabera, UPNren asmoa da ituna gauzatuko balitz horretan idatziz jasotzea «Nafarroako foru erregimenaren eta itun ekonomikoaren errespetua».

Bestalde, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak iragarri dute akordio bat izenpetu dutela Espainiako Senaturako hauteskundeetan zerrenda bakarra aurkezteko. Aldaketa izango da zerrenda horren izena.

Lau alderdiek esan dutenez, «urrats bat aurrera egitea» erabaki dute, ikusita eskuineko alderdiak «iraganik beltzenera itzultzen» saiatzen ari direla, «sentsibilitate desberdinak ukatuz eta autogobernua ezabatuz».

Espainiako Senatua «herritarrei eskubideak ukatzeko» erabiltzearen kontra daude, eta, horregatik, beste eredu bat eraman nahi dute hara, «elkarrizketarena, desberdinen arteko akordioena, aniztasunarena eta gatazka politikoen irtenbide baketsuarena». Senatura, izan ere,«bere nortasuna maite duen Nafarroa horren ahotsa» eraman nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.