2.230 milioi euro gehiago behar dira pentsioak Europakoekin berdintzeko

ELA sindikatuak eginiko txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko barne produktu gordinaren %11,1 bideratzen da pentsioetara: Europako Batasuneko batezbestekoa baino 1,9 puntu gutxiago

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Aberastasunaren zati handiago bat bideratu beharra dago pentsioetara. Biztanleria pobretu egin da, baina batez ere pentsiodunak». Janire Landaluze ELAko azterketen batzordeko kideak horrela laburbildu zuen atzo sindikatuak Hego Euskal Herriko pentsioen inguruan eginiko txostena. ELAren datuen arabera, Hego Euskal Herriko barne produktu gordinaren %11,1 (%9,4 Nafarroan, eta %11,6 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) bideratzen da pentsioetara. Europako Batasuneko herrialdeek, berriz, %13 inbertitzen dute batez beste, eta eurogunekoek, %13,6.

Sindikatuak kuantifikatu egin du alde hori, eta, txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian 2.230 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke (814 milioi euro Nafarroan, eta 1.146 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) Europako batezbestekoetara iristeko. Hego Euskal Herriko biztanleriaren %24,2k jasotzen dute pentsioa, eta BPGaren %11,1 bideratzen da haien ordainsarietara.

Txostenak, halaber, gizonezkoen eta emakumezkoen pentsioen arteko aldea azaleratu du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gizonezkoen pentsioa 1.491 eurokoa da batez beste; emakumezkoena, aldiz, 869 eurokoa. Nafarroan aldeak txikiagoak dira, baina baita pentsioak ere. Gizonezkoen batez besteko ordainsaria 1.356 eurokoa da, eta emakumezkoena, 813 eurokoa. ELAren arabera, egoera are larriagoa da emakume alargunentzat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 808 euro jasotzen dituzte batez beste, eta Nafarroan, 723 euro.

Pentsiodunek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan larunbaterako deituriko mobilizazioen harira plazaratu du sindikatuak ikerketa, eta mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin zuen atzo. Era berean, aurreratu zuen pentsioen gaia urtarrilean egingo den greba orokorreko —eguna zehazteke dago— aldarrikapen nagusietako bat izango dela. Hari horri helduta, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak erantzun egin zien Eusko Jaurlaritzatik greba deialdiaren aurrean esanikoei: «Greba politikoa dela esan dute, eta bai, egia da, pentsioen eta etxebizitzaren gisako auziak gai politikoak direlako. Pentsiodunei, baina, esan diete beste ate bat jo behar dutela, Espainiako Gobernuarena, eta horrekin ez gatoz bat. Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ezin dira ezkutatu pentsioen auzian; ordainsariak hobetzeko tarte handia dute».

Bost gako erakundeentzat

Lakuntzak bost gako eman zituen erakunde publikoei eginiko interpelazioa argudiatzeko. Lehenbizi, nabarmendu zuen gobernuek badutela eskumena diru laguntzen bitartez pentsioak osatzeko. Enpleguaren kalitateak ere eragin zuzena du kotizazioetan, eta, alde horretatik, gobernuek, enplegatzaile handi diren heinean, «lan publikoetan dauden azpikontraten sarean» baldintza hobeak ezarri ditzaketela gehitu zuen.

Babes sozialeko neurriak ere izan zituen hizpide, eta diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) lanbide arteko gutxieneko soldatarekin berdintzeko eskatu zien. Pentsioekin harreman zuzena duen eskaera da, Hego Euskal Herrian DSBEa jasotzen dutenen %25 baitira pentsiodunak. Ildo berean gogoratu zuen bere sindikatuak beti egin duela apustu «benetako erabaki ahalmena» Euskal Herrian egon dadin, Gizarte Segurantzaren «baldintzaturiko eskuduntza» batetik haratago.

Azkenik, pentsioak zergen bitartez ere osa daitezkeela gogoratu zuen, ez bakarrik kotizazioekin, eta hor aldundiek eragin ahalmen handia dutela. Mikel Noval sindikatuko gizarte politikako arduradunak sakondu zuen azalpena: «Aberastasunaren banaketari buruzko debatea da lehentasuna. Diru gehiago bideratu daiteke pentsioetara. Batez bestekoa Europakotik behera dago, eta, beste toki batzuetan finantzatu baldin badaitezke, hemen ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.