Onintza Enbeita
BIRA

Krak

2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gorputza ezinbestean goitik behera zihoakidala, krak entzun nuen. Segituan igarri nuen zerbait apurtu zitzaidala: hanka zen. Hortik aurrera oso azkar gertatu zen dena: anbulantzia, hezurrak lekuan sartzearen mina, ebakuntza... Nire gelara eraman nindutenean telefonoa hartu nuen. Mezu asko jaso nituen: animoak eta maitasuna. Merezi baino gehiago seguruenez. Gero, aholkuak hasi ziren. Eskertzekoak haiek ere, baina ezin izan nuen putz eta marmar egiterik saihestu. Askok esan zidaten eta esaten didate bizitza zerbait esaten ari zaidala, erritmoa bajatzen ez dugunean egoerak jaisten duela gure partez... Ezin diot inori arrazoirik kendu, baina gauzak momentu egokian esateak asko balio du. Orain ohartzen naiz nola neuk ere askotan eman dudan laguntza iritzi eta guzti. Egoera jakin baten aurrean gauzak hobeto nola egin jakingo banu bezala, edo egin gabeko psikologia lizentziatura bat izango banu bezala. Orain konturatzen naiz askotan eutsi behar izango niokeela mingainari hortzen artean.

Eskubidea daukagu egoera guztien aurrean gure iritzia emateko, baina batzuetan ez da beharrezkoa. Laguntza emateak ez digu pentsatzen duguna filtrorik gabe esateko eskubiderik ematen. Edo bai. Baina momentu egokia bilatzen jakiteak handiago egiten du esateko daukagun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.