Zenbat aldiz idatzi dugun pankartetan, karteletan, bertsoetan, testuetan... zaintza erdigunean jarri behar dela. Eta halako batean konturatu egiten gara zer den hori. Konturatu egiten gara zein inportantea den nork zaindua izatea, baina hori baino gehiago ere bai: osasun eta zaintza sistema publikoa izatea oso garrantzitsua da. Pentsatzen dut nik dudan zortea ez duela mundu guztiak izango. Ahizpak eta gurasoak hurbil bizi zaizkit, nire bikotekideak gauza asko utzi ditu nire zaintzan laguntzearren, baina gauzak ez dira beti horrela izaten. Gure ingurukoak beti ezin izaten dira gure ondoan egon: egoera ekonomikoagatik ezin dutelako lana utzi, urruti bizi direlako, haiek ere zaintza behar dutelako... edo besterik gabe, ez dutelako nahi. Behar dugu zaintza eta osasun sistema publiko indartsua eta sendoa. Guztiontzat.
Abuztuaren 14 goizaldean estu heldu nintzen Gernikako ospitalera. Ospitalea ez den ospitalera. Badakit behar baino bitarteko gutxiagorekin lan egiten dutela. Eta hala ere, oso ondo artatu gintuzten. Dena pribatizatzen ari zaizkigu, ez digute zerbitzu publikorik eman nahi. Baina osasunaren lokatzetan lanean ari diren langileek, nahiz eta gu bezain salduta dauden askotan, artatu eta zaindu egiten gaituzte. «Gure lana da», esan zidaten. Eskerrik asko, dena den.

BIRA
Zaintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu