Onintza Enbeita.
BIRA

Irribarrea

2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Irribarre egin genezan esaten ziguten umetan amamaren lagunak hurbiltzen zitzaizkigunean. Irribarre egiteko esaten ziguten argazkietarako, eta irribarre egiteko eskatzen ziguten muxu eman nahi ez genion jendeari muxu eman eta gero. Gerora, irribarre egiteaz nazkatuta geundela, ezpainak alboetara tiratzearen garrantziaz ohartu ginen: emakume ginenok, gehienbat. Irribarre egiten ez genuenean ea haserre zergatik geunden galdetzen ziguten eta horrek oraindik eta gehiago amorrarazten gintuen. Izan ere, gauza serioez hitz egiten dugunean ez daukagu zertan irribarre egin.

Eta orain, esan digute umeek irribarreak behar dituztela. Bai, egia da: umeek irribarreak behar dituzte. Baina baita askatasuna, sormena garatzeko espazioak, eskolan euren burua babesteko material egokia, beste umeen zein helduen besarkadak, baldintza duinetan lan egiten duten hezitzaileak, muxuak, ratio egokiak, zipriztintzeko putzuak, eskolarako materiala, eurenak ez diren ardurekin itota egongo ez diren irakasleak, egoera ekonomikoaz kezkatuta egongo ez diren gurasoak, janari osasuntsua eskoletako jantokietan, jolas parke seguruak eta ikasleen arteko distantzia gordetzeko aukera ere. Eta badirudi, hori guzti hori izango badute, baten batzuek pankartak hartu beharko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.