Onintza Enbeita.
BIRA

Zurrunbiloa

2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Txapelketako haizeak erdi mareatuta nenbilen udazkenean, eta hara non saharar errefuxiatuak bisitatzeko aukera izan dudan Tindufen. Ez dakit ikusi eta entzundako guztiaren digestioak zer emango didan, baina bidaia fisiko, psikiko, politiko eta emozionala izan da.

Fisikoki gogorra da basamortuan eustea. Baldintza klimatologikoak astunak dira, baina desertua bera ere bai. Hondarrez betetzen zaizu azala, hondarraren pisua igartzen duzu hanketan, hondarretan da zure bizitza guztia. Psikologikoki gogorra da diskurtso politikoen azpian etsipen zantzuak aurkitzea. Gogorra da, lehenagotik bazenekien arren, nazioarteko komunitatearen hipokrisiaren emaitzak ikustea. Politikoki jantzita dago saharar herria. Iruditzen zait, arrazoi politiko sendorik ezean, ez dagoela desertuan eusterik edo Marokok botatako bonben aurrean ez erortzerik. Emozionalki harrigarria da ezer ez daukan jendeak dena ematen duela ikustea. Baita galtzeko ezer ez izatea zer den ulertzea ere. Tindufeko kanpamentuetan bizi diren sahararrei aspaldi kendu zieten zeukaten guztia: ez daukate galtzekorik ezer. Sahara independente denean, Aljeriako eremua utzi eta etxera itzultzeko prest daude.

Orain itzuli naiz eguneroko zurrunbilora eta Olentzero baino ez da jendearen kezka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.