Onintza Enbeita.
BIRA

Hileta

2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Urtarrileko aldapak hustu egin du Gernikako azoka. Baratzeetan ez dago udako beste jenero, edo dagoena ez da hain koloretsua, eta saltzaileen faltan erosleak gutxitu egiten dira. Asteleheneroko jendea etortzen da. Gustatu egiten zait goizeko lehen orduan erosketaren bat egin didaten bezeroak kafetegian ikustea. Irribarre egiten didate, «harrapatu zaitut» esango balidate bezala. Nik irribarrea bueltatzen diet. Gustatuko litzaidake esatea: «Plazer handia da zure astelehen goizetako erritualaren parte izatea».

Eta halaxe aurkitu nuen behin bezero bat kafetegiko terrazan aho betean zebilela. Ez ninduen ikusi ere egin, baina agurtu egin nuen. Ezin izan nuen jasan. Nahi nuen jakin zezan ikusi nuela. Handik astelehen bi edo hirutara perrexilaren bila itzuli zen. Garestiegi iruditu zitzaion, beti eta guztia bezala: bere adineko jendeak pentsio txikia duela ulertu behar genuela eta abar. Betiko letania. Halakoak omen dira bizitza osoan enkarguak azokan egin dituztenak. Ezin izan nion eutsi esan gabe, «kafea hartzen duzunean ez zara kexatuko, ba!». Atzo munduarekin haserre zegoen eta berak esan zidan: «Ez esan kafeagatik ez naizela kexatzen, e, ze hil ere ezin dut egin hiletak balio duenarekin!». Atzo bai, atzo merkatu egin nion azalorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.