andoni egana
HITZ ETZANAK

Algara

2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Badira barre-algara klase batzuk ulergaitzak. Horietako bat da hanka sartzeren bat egin duzularik sortzen zaizuna. Sartzen duzu hanka, ohartzen zara, eta ahaleginduarren menpean har ez dezakezun barre algara lelo batek egiten dizu ihes, errepikatuaren errepikatuz leloagoa are. Hanka sartzearen une berean gertatu ohi da gehienetan, baina badu atzerako efekturik ere. Badut adiskide bat bere matrimonio aspaldi apurtuaz mintzo denean, beti, edozein delarik ere pasadizoa, barre algara bera egiten duena. Babes mekanismoren bat izango da. «Egin dut, baina badakit. Ez naiz hain-hain leloa!».

Barre algara klase interesgarriagoa da autoritateak hanka sartzen duenean menpekoari sortzen zaion eutsiezin hori. Irakasle harroak arbelerako koskarekin estropezu egiten duenean beti izango da ikasleren bat barreari eutsi ezin izango diona. Menpekoaren mendeku txikia izaten da. «Zer uste zenuen hantuste horrek, zuk ez zenuela atzean zulorik?».

Espainiako irrati-telebista publikoaren zuzendaritza aldatzeko bozketan bi diputatuk hanka sartu zuten herenegun. Ez dakit lehen barre algara klaserik egingo zuten, oro har oso jende kokozgora izaten da hori eta. Menpeko asko barre algara atertu ezinda dabil. «Hori beste lanik ez eta, halare hanka sartu?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.