HILBERRIA. Luis Ortiz Alfau

Bizitza borrokari emana

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Borrokalaria. Luis Ortiz Alfau borrokalaria izan da (Bilbo, 1916-2019). Errepublikaren aldeko eta frankismoaren kontrako milizianoa 1936ko gerran, ahanzturaren kontrako eta memoriaren aldeko borrokalaria azkeneko bi hamarkadetan. Herenegun hil zen, 102 urte zituela.

Ia mende bat iraun du haren borrokak. Izquierda Republicana batailoian izena eman zuen. Intxortako bataila ezagutu zuen. Gernikako bonbardaketa eta gero hilotzak jasotzen aritu zen: «leku guztietan odola» gogoratzen zuen, eta oraindik ere amesgaiztoak izaten zituen han bizi izandakoekin. Bonba batek zauritu zuen Kantabrian (Espainia): oraindik zaurituta, ospitaletik ihes egin behar izan zuen, frankistak iritsi zirelako. Portutik atera berri zen iheslarien itsasontzi batera salto egin zuen. Frantzia, Bartzelona, Huescako frontea... Preso hartu eta Gurseko (Okzitania) kontzentrazio eremuan sartu zuten —bera zen bizirik geratzen zen preso ohi bakanetakoa—. Hendaiatik muga pasatzen ari zela atxilotua, Deustuko kontzentrazio eremura eraman zuten. Gero,Miranda Ebrora (Burgos, Espainia). Frankismoaren langile batailoietako esklabo izan zen Pirinioetan: hala ere, «pribilejiatu bat» izan zela zioen, pikotxarekin eta palarekin jardun beharrean bulego lanetan aritu zelako. Hori guztia pasatuta ere, Ferrolen (Galizia) soldadutza egitera behartu zuten.

Gerra hasi eta zazpi urtera bueltatu zen etxera, Bilbora. Bizirik. Garai hartako 5.000 pezeta ordaindu behar izan zizkion Uralita enpresako arduradun bati, lan egin ahal izateko. Urteak egin behar izan zituen isilik, frankismoaren aldeko bizilagunez inguratuta. 1936ko gerra gogorra izan zela zioen, baina gerraondoa, gogorragoa.

«Berpiztu» zen arte. Eusko Jaurlaritzak 1936ko gerrako biktimentzako konpentsazioak onartu zituen, baina Ortizi ukatu egin zioten, ez zeuzkalako preso egon zela frogatzen zuten agiriak. Epaitegietara jo zuen, eta irabazi, beste batzuekin batera.

Eta hitz egiten hasi zen. Memoria historikoaren aldeko mugimenduak, omenaldiek, hitzaldiek eta komunikabideetako elkarrizketek berpiztu zuten. Frankismoan bizi izandako izugarrikerien berri ere eman zion Maria Servini epaile argentinarrari, frankismoaren kontrako kereilaren barruan.

«Nik banuen obsesio bat: ezin izango nuela ezer esan», esan zion BERRIAri 2016an. «Orain, hitz egiten hasi naizela, ez nau inork isilduko».

Memoria bizia eta kementsua zen Ortiz Alfau: adinaren ajeei aurre egiteko zuen bizitasunagatik eta eskatzen zioten leku guztietan uzten zuelako hark bizi izandakoaren lekukotza gordina, memoriaren argitasuna eta bere izaera adeitsuaren eta kementsuaren arrastoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.