Boterean gotortzeko babesa lortu du Al-Sisik

Egiptoko Konstituzioa aldatuta, 2030 arte agintean egoteko aukera izango du presidenteak, galdeketa irabazita

Abdelfatah al-Sisi Egiptoko presidentea, hilaren 14an, Kairon, alboan dituela Khalifa Haftar Libiako Armada Nazionaleko buruzagia eta Abbas Kamel Egitoko Zerbitzu Sekretuetako burua. EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Faraoia balitz bezala betiereko boterea izateko trikimailua aurkitu du Abdelfatah al-Sisik. Konstituzioaren erreforma onartzeko erreferenduma antolatu zuen presidenteak, eta, hiru eguneko bozketaren ostean, herritarren babesa jaso duela iragarri du: «Herritarrek mundua liluratu dute euren aberri kontzientziarekin. Bozketaren irudi zoragarriak gure nazioaren historiaren liburuetan letra larriekin idatziko dira». Al-Sisik, erreformaren bidez, lau urtetik seira luzatu du presidentearen agintaldia, eta, bide batez, hirugarren agintaldi batera aurkezteko bidea zabaldu du. Berez 2022an zen amaitzekoa haren agintaldia, baina, itunean egindako aldaketaren ondorioz, 2030era arte egon ahal izango da boterean.

Erreferendumaren zilegitasuna, dena den, auzitan dago, baiezkoak babes zabala lortu arren parte hartzea txikia izan delako, eta iruzur salaketak, ugariak. Lashin Ibrahim Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak zehaztu du bozkatzera deituak zeuden 61 milioi lagunetatik 27 milioik eman dutela botoa, hau da, %44,3k, eta horietatik %88k sostengatu dutela erreforma.

Hosni Mubaraken garaian bezala, baina, oposizioak salatu du botoak erosi egin dituztela. Dirua, janaria eta bestelako opariak banatu ditu gobernuak. Hauteslekuen atarietan, esaterako, bi aste barru hasiko den ramadana ospatzeko kutxak banatu dituzte: kanpoaldean, musulmanen hilabete sakratuaren sinboloak, eta, barruan, oinarrizko elikagaiak—olioa, arroza, azukrea...—.

Oposizioaren salaketa

Erreferenduma egiteko baldintzak ere auzitan jarri ditu oposizioak. Egiptoko Parlamentuak hilaren 16an, erreferenduma baino hiru egun lehenago onartu zituen bi hilabeteko epean eztabaidatutako emendakinak, eta egun horretan bertan deitu zuen galdeketara; hala, oposizioari kanpaina egiteko aukera ukatu zioten. Ordurako, kaleak baiezkoaren aldeko botoen afixaz eta pankartaz beteta zeuden. Oposizioak, zatituta, boikotaren eta ezezkoaren aldeko jarrera hartu du, baina mezua zabaltzeko tarterik gabe eta errepresiopean. Khaled Daud Mugimendu Zibil Demokratikoko ordezkariak salatu du otsailetik 120 militante atxilotu dituztela —ezkerreko alderdiak eta alderdi liberalak ekartzen dituen mugimenduak—. Dauden hitzetan, parte hartze txikiak agerian utzi du herritarrek «erregimen militarrarekiko» duten frustrazioa.

Al-Sisi estatu kolpe baten ostean iritsi zen agintera, 2013an, bi urte lehenagoko iraultza arabiarraren ostean islamistak nagusitu baitziren bozetan. Konstituzioaren erreformarekin presidenteak iraultzaren izpiritua guztiz akabatu nahi izan duela salatu du oposizioak.

Erreforma sortak, presidenteari boterean gotortzeko aukera emateaz gain, eskumen gehiago ematen dizkio; Al-Sisik Auzitegi Konstituzionaleko presidentea eta fiskal nagusia zuzenean izendatzeko aukera izango du aurrerantzean. Armadak ere eskumen gehiago izango ditu, besteak beste, «demokrazia eta estatuaren oinarrizko eskubideak» bermatzeko. Askoren iritziz, armadari estatu kolpe bat emateko bermea aitortzea dakar horrek. Al-Sisi bera mariskala da, eta, estatu kolpea eman zuenetik, etengabeak dira giza eskubideen urraketak. Eskubide zibilen alde ari diren erakundeek salatu dute lege prozeduretatik at egiten direla atxiloketak eta torturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.