Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Alternatiba gara gu

2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Badago Mantxako leku batean bereziki maite dudan txoko bat, bai bertako jardueren interesagatik, bai bertako jende bihozberarengatik. Borondatezko lanean sostengatutako kultura elkarte bat da. Ez da erraza bertako ekimenak eta xedeak definitzea, baina, oro har, esan dezakegu liburuak saldu eta mailegatu egiten dituztela, baita lekua eskaini ere bertan jendeak antola ditzan hitzaldi, tailer nahiz antzerkiak. Baina definizio labur horretan garrantzizko zerbait falta da: lekua sortu eta kudeatzen duen taldeak asmo politiko argia dauka eta horrek egituratzen ditu ia jarduera guztiak. Nahiko gune eklektikoa da, dena den, eta horregatik bertakoek lanak izaten dituzte etorri berriei definizio zorrotzegiak ez emateko. Sarri entzun diet alternatibo hitza lekua definitzeko: bertan topa daitezke liburu alternatiboak, ekimen alternatiboak, pentsamolde alternatiboak.

Hain hitz lausoa izanda ere, ziur nago gehienok horrekin bakarrik bertakoen pentsaera politikoa nolabait zedarritu ahal dugula. Azken finean, erabiltzearen poderioz gutxieneko esanahi lauso moduko bat erantsi zaio hitzari erosotasunaren mesedetan. Eta, ondorioz, askok ez genituzke gaur egun espektroko bazter berean kokatuko pentsalari alternatibo bat eta librepentsalari bat, «zuzentasun politikoaren gainetik mintzo den» pentsalaria, esaterako.

Hala eta guztiz ere, aitortu behar dut deseroso sentiarazten nauela horrenbesteko lausotasunak politika-kontuetan. Alternatiba... zeren alternatiba? Ariketa mental bat egiteko joera daukat: oso gustuko dudan mugimendu edo talde bateko goiburuak, ikurrak eta diskurtsoak hartu eta muturreko aurkarien ahotan jartzea. Belarrietan minik ematen ez badit, batak zein besteak horrelakoak esaten irudikatu ahal baditut, malo. Aho biko ezpatak baino ez dira orduan hitz horiek.

Hitzekin ez ezik, ekintzekin ere badut mania bera. Talde politikoetan, edota eragina izan nahi duten kolektiboetan, erraza da eroso egotea geureari buruz entzuten dugunarekin edo gustuko dugun ekimen baten berri gertatu eta gero... Baina aurkakoei buruz ariko bagina? Eskuin muturreko talde bati buruz, adibidez? Arduratu bai, baina agian ez nintzateke larrituko kontu txikiegia balitz.

Autokonplazentziaren aurkako ariketa da niretzat. Ekimenetarako arrazoi, asmo eta hitz onak topatzea ibilbide luze baten lehengo urratsa baino ez da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.