Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Auzo-lotsa

2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Ondo dakigu Euskal Herriko eskualde asko jendez husten ari diren bitartean, Basque Countryko etxegintza gorantza doan industria dela. Mamuten, eta ez gizakien, neurrira egindako modako auzo batetik paseatzen, Gasteizen, kale berrien izen batzuek nolabait harrituta utzi ninduten: Martin Luther King, Mahatma Gandhi, Dalai Lama. «Hurrengoa zein ote, Lech Walesa?», automatikoki pentsatu nuen. Izkina hartu eta... bingo. «Indarkeria ezaren auzoa eraiki ote dute?». Urrats batzuk aurrera, ordea, Abraham Lincoln. «Mmm... agian ez». Zer pentsatu ondo jakin gabe, aurrerago Nelson Mandela eta Bartolome de las Casas kale-izenak topatu nituen.

Pertsonaia-segida hori nolabait logikoa egiten zitzaidan arren, ezin nuen hari logiko hori zehatz-mehatz identifikatu. Leku gehiago izatekotan, zein zatekeen hurrengoa: Patrice Lumumba ala John F. Kennedy kalea?

Ingurura begiratu nuen, pistaren bat aurkitu nahian. Etorbide eta eraikin erraldoiak atzean geratu ziren. Auzo hura hornitzen zuten etxeak familia bakarreko txaletak ziren, eta kaleak, pasealeku txiki eta errepiderik gabekoak. Etxebizitza bakoitzak patioa, garajea eta hesia zituen, eta gehienek hesiaren barruko irudia ezkutatzen zuten heskai garaiak ere bai. Are gehiago, ikusi nuen zenbait kale erabat hesituta zeudela; alegia, hango biztanleen isolamendu grina asetzeko zer eta kale pribatuak ere eraiki zituztela.

Kontraste itzela zegoen kale-izendegiak zekartzan sufrimendu eta borroken oroitzapenen eta esne-mamitan bizi ziren bertako auzokideen artean. Bat-batean, izen horien guztien arteko lotura bururatu zitzaidan. Denak dira erosoak boteretsuentzat. Kapitalismoaren kulturak giza eskubideen pop ikono urardotu bihurtuak. Etxe horietako goi-kargu eta enpresaburuentzat, izendegi horrek kontzientzia-lasaigarri gisa funtziona dezake. Eta aldi berean, neu bezalako ibiltariarentzat, parean dudan gizarte-desparekotasunaren irudi gordina eztitzeko balio du.

Handik urruntzen ari nintzela, hiriko beste muturrean dagoen Errekaleor auzo okupatuaz pentsatu nuen. Bere etxeek iraganeko etorkinen eta gaurko gazte prekarioen duintasuna eta lana ekartzen dizkidate gogora. Eta nahiz eta hango geografia urbanoak ere giza eskubideekin lotutako izenak dituen, azken horiek oso gogoeta desberdinak sortzen dituzte: Romualdo Barroso, Salvador Puig Antich... Zenbaitentzako biziki gogoeta deserosoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.