Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Begiradak

2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Begirada bat aldeko edo aurkako pentsamendu baten adierazgarri da. Hitzik gabeko hizkuntza izan arren hitzek baino indar handiagoa du askotan. Besteekiko duzun harremanaren salatari izan daiteke. Besteei begiratzeko modu bat ez ezik, besteei begiratzeko talaia bat ere bada. Behetik gorako begirada izan daiteke. Baita goitik beherakoa ere. Edo zehar-begiratua.

Begiradak alderdi emozionala azkartu egiten du. Gure mintzakidearekiko edo begirada gurutzatu dugun pertsonarekiko iritzi eta jarrera bat gordetzen du. Eta batzuetan, oharkabean izanda ere, gaizki sentiarazteko bi ahodun labana izan daiteke begirada bakar bat.

Eta ez nuen honi buruz idatzi nahi, baina aldiro oroitarazten didate zer eta nor naizen, eta nekatuta nago.

Donostiako jolas parke handi batean hiru alabekin jolasean ari ginela, behin eta berriz sentitu nituen begiradak guri jarraika. Saiak hil hurren dagoen animaliaren gainean bezalatsu. Alaba batek nire bikotekideari ama eta niri amatxo, eta arrotz baten begirada ping-pongeko partida bat jarraitzen ari bailitzan guri begira. Eta ez diezadala inork esan nire irudipena denik. Denok jolastu gara Goenkale puzzlea osatzera behin edo behin.

Amak eta amatxok elkarri musu emateak ere urduritzen ditu saiak, haragi ustel usaina zabaltzea bezala izaten baita batzuentzat. Goitik datozen begiradek normalean lur hartzen dute gure begirada euren alturara hegaldatzen denean, baina ez beti.

Baina hori ez da kontatu nahi nuena. Ez behintzat hori soilik. Gugandik hamar metrora bikote heterosexual bat ari zen euren alaba zirudien bati besotik heldu eta sekulakoak esaten. Neska txikia urruntzen zen aldiro gizon-emakumeak elkarri irainak oparitzen. Bi boxeolari ring batean nola, halaxe zebiltzan aurre-atzera urduri batean. Denok ikusi genituen. Are hobeto entzun. Eta barkatuko didazue baina inork ez zuen begirada bi segundu baino gehiagoz hara begira mantendu. Eta gure musuek baino zarata larriagoa eta iraupen luzeagoa izan zuen euren arteko eztabaidak. Eskuak burura eramaten ditugu sexu bereko bi ezpain elkartzen direnean, baina ezpainak mutu ditugu sexu ezberdineko bik elkarri eskuak altxatzen dizkietenean.

Familia ereduez aritu ordez familia eredugarriez kezkatuko bagina alde ederrekoak lirateke jolas parkeak. Baita bake solasak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.