Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Gizatasuna jokoan

2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Bat. Bi. Hiru. Lau urtez gogoratu du publikoki, sare sozialen bidez, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak Meliton Manzanas torturatzaile faxistaren hilketaren urteurrena. Bere krimen-zerrenda ilunari buruz txintik esan gabe, eman duten datu biografiko bakarra hauxe da: «inspector @policia».

Nire ustez, mezu horien alderdirik beldurgarriena «@» txiki hori da. A bildu horrek Espainiako poliziaren Twitter kontuarekin estekatzen du. Lau urte hauetan, egungo poliziarekin identifikatu dute erregimen kriminal baten defentsan giza eskubideak urratzen zituen polizia faxista, eta ez da inor asaldatu: ez polizia bera, ez zentroko historialariak, ez patronatuko kide diren Espainiako presidentea, ministroak edo Gasteizko alkatea.

Ezin diot xehetasun horri garrantzirik kendu bizi garen munduari erreparatuz gero, non Estaturik boteretsuenek —AEBek eta Txinak, kasu— gero eta inpunitate handiagoz torturatzen duten. Non hamarkadak igaro ahala, gero eta eztabaida irekiagoa dagoen torturaren balizko zilegitasunaz erregimen liberaletan. Non terrorista hitza ez den soilik erabiltzen bortizkeria politikoa egiten duen hori izendatzeko, baizik eta Estatuen zenbait erantzun estrategikori legalki zein emozionalki bide emateko, askatasunen eta eskubideen kaltetan.

Tortura krisi globala da gaur egun, eta hazteko joera baino ez du. Gertatu den eta gertatzen ari den tortura ahaztea, ezkutatzea edo zuritzea ez dira soilik gizadiaren aurkako irain mingarria, etorkizunari begira jokaera ezin arriskutsuago eta beldurgarriagoak ere badira. Portugaldarrek irakaspen horiek bizirik mantentzen dituzte beren Aljubeko Erresistentzia eta Askatasunaren museoan. Euskal herritarrok, berriz, etengabe ikusi behar ditugu ahanztura sustatzen duten oroimen ekimenak. «Ahaztea ez da biktimez ez gogoratzea. Ahaztea biktimei garrantzia kentzea da, alegia, biktimak ezkutatzen saiatzea», dio Gasteizen kokatutako Zentroak berak Interneten argitaratutako glosarioak.

Bortizkeria politikoaren biktimak eta giza eskubideen urraketak nahieran ezkutatzearen arriskuez ere ohartarazten gaitu: «Egiak esan nahi du dena berriz pentsatzea ankerkeriaren argitan, historia errepikatu ez dadin».

Zein izango da giza eskubideen, gizakia izatearen esanahia XXI. mendean? Erantzuna aldatu egingo da baldin eta egungo eta atzoko autoritarianismoa salatu ala zuritu egiten dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.