Onintza Enbeita.
BIRA

Mamuak

2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Kudeatzeko zaila izaten da gauak lorik egin ezinik harrapatzen zaituen momentu hori. Munduaren eta norbere artean dagoen distantzia orduantxe izaten da laburrena. Horregatik esnatuko dira hainbeste mamu agian. Begiratzen duzu sabaira eta zein gauza txikia zaren ohartzen zara; ematen duzu buelta ezkerrera eta joan den astean zure bikotekideari arrazoi gabe muntatu zenion eskandaluaz damutzen zara; eskuinerantz jartzen zara eta zure gurasoen benetako adinaz jabetzen zara. Berriro begiratzen duzu gora eta egon nahi zenukeen lekua eta zaudena alderatzen dituzu. Oraingoan, ezkerrean klima aldaketa daukazu zain eta eskuinean oraindik ere gainditu ez dituzun mespretxuak egin zizkizun maitalea. Saiatzen zara lanaz pentsatzen eta munduko pertsonarik infrabaloratuena sentitzen zara. Eta oraindik ez da ordubete pasatu azkenengoz erlojuari begiratu diozunetik. Eta horrela gau osoa edo haren zati handi bat.

Gero, eguzkiak lekua hartzen dio ilargiari, eta mamuak baretzen hasten dira. Gosaldu, dutxa bat hartu eta lorik ederrenean egongo zinatekeenean lanera abiatzen zara. Errutinak handitzen du, berriro ere, munduaren eta zure arteko distantzia. Horrela izango da mamuak berriz ere esnatzen diren arte. Mamuak gehitu egiten dira, ordea; eta gehitu ahala, gero eta gehiagotan agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.