Onintza Enbeita.
BIRA

Tradizionala

2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Guk betikoak direla uste dugun gauzak ez dira hain betikoak. Beti termino absolutua da, eta betikorik ez dago ezer: ezta betirakorik ere. Hala ere, ezer aldatu nahi ez dutenek gehien erabiltzen duten hitza da beti. Ez dira konturatzen kulturak daukan gauzarik interesgarriena gehitzeko gaitasuna dela. Beti egon dela uste izan dugun horri orain dauden gauzak gehitzearen emaitza ederra da. Kulturak bildu egiten du, eta jaso dugunari osagarri berriak ezartzeak ez du esan nahi garenaren oinarria izorratuko dugunik. Gauzak ustez betiko moduan egin nahi dituztenek, ordea, ez dute osagarri berririk nahi izaten, ezta horrek herriaren erdia jaietan parte hartu gabe uztea esan nahi badu ere. Bai, Alardeaz ari naiz.

Eta aurten ere harritu egin nau Alarde Tradizionala entzun dudanean. Izan ere, emakumeak baztertzen dituenari deitzen diote tradizionala, baina ez da Jaizkibel konpainiarena baino tradizionalagoa: pausoak berdinak dira, figurak eta sinboloak berdinak dira, jantziak berdinak dira, doinuak berdinak dira... aurten ere Alarde bi egin dira Hondarribian, baina ez gaitezen terminoetan konfunditu: alarde biak izan dira tradizionalak. Kontua da bata baztertzailea izan dela eta bestea ez. Eta gure eskuetan dago jaso ditugun tradizioak jaso ditugun baino hobeto ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.