Albistea entzun

Sindikatuek azaldu dute 600 lanpostu «jokoan» direla VWen

Taldeko zuzendaritzarekin bildu nahi dute azal dezan zergatik jarri nahi duen bateriak muntatzeko fabrika Iruñetik at
Langileen batzordeko Alfredo Morales, Raul Portillo, Carlos Zalduendo, Igor Peñalver eta Oscar Añorbe.
Langileen batzordeko Alfredo Morales, Raul Portillo, Carlos Zalduendo, Igor Peñalver eta Oscar Añorbe. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko apirilak 1 - Iruñea

Kolpean dena aldatu da. Volkswagenen Iruñeko plantako zuzendaritzako kide batek herenegun jakinarazi zion Alfredo Morales langileen batzordeko presidenteari auzitan dagoela bateriak muntatzeko lantokia Landabenen ezarri ahal izatea. Erabaki hori ez dela Iruñean hartuko gaineratu zion. Auto elektrikoranzko trantsizioa zaila izango dela jakinik ere, konpromiso hori hartua zuen VWek, eta atzo langileen batzordeak salatu zuen emandako hitza ez duela bete. «600 enplegu jokoan daude», ohartarazi zuen Alfredo Moralesek (UGT), eta Landaben inguruko hornidura parkean kaltea «sei bider handiagoa» izan daitekeela.

Langileen batzordeko bost sindikatuak (UGT, CCOO, ELA, LAB eta CGT) elkarrekin agertu ziren. Azaldu zutenez, jakinaren gainean zeuden auto elektrikoranzko trantsizioa «basamortuko zeharkaldia» izango zela, baina asteartean zuzendaritzak emandako datuekin «harrituta» agertu ziren. 2024ko apiriletik aurrera Polo modeloko autoak egiteari utziko dio VWek, auto elektrikoak ekoizteko egokitzapen obren hasierak behartuta. Urte horretan produkzioak «jaitsiera nabarmena izango du», baina 2025etik 2026 erdialdera amildu egingo da erdira, fabrika barruko lanak eta Euro 7 araudiak behartuta.

Dena den, atzora arte sindikatuek lasaitasuna transmititzen zuten bateriak muntatzeko fabrikak 500 enplegu ziurtatzen zituelako, eta VWek iragarritako produkzio bolumenarekin enpleguari eusteko modua zegoelako. Orain hori aldatu egin da, ekuaziotik atera egin delako fabrika barruan lan hori izatea.

Batzordeak gogora ekarri zuen azken urteetan 350.000 ibilgailu egiteko produkzio ahalmena lortzeko ahalegin berezia egin dutela langileek. Moralesen arabera, enpleguari eutsi ahal izateko, produktibitatea handitzeko prest egon dira, eta lan baldintzak moldatu dituzte: «Zer egin dugu gaizki? Ez dugu ulertzen nola VWen norbaitek auzitan jartzen duen bateria fabrika hori izatea», esan zuen Moralesek.

CGTko Oscar Añorbek modu grafikoan laburbildu zuen zer ekarri duen iragan urteetan langileen batzordeak hitzartutako baldintzak: akordio horiei esker, bi asteko produkzioa «doan» egiten dute langileek.

Horregatik, bilera eskatu dute. Erabakia Iruñez gaindiko denez, taldeko zuzendaritzarekin bildu nahi dute, irizpide aldaketak zeri erantzun dion azal dezan. «Aukera bakarra da inbertsio hori ez dutela egin nahi eta beste bati eman nahi diotela, aurrezteko asmoz», iritzi dio Moralesek. Aukera hori Iruñeko fabrikarentzat «arriskutsua» dela deritzo.

Nafarroako Gobernuak sostengu publikoa adierazi dio proiektu horri. Egun Landabengo instalazioen barruan diren tren sareak eta loturak aldatu nahi ziren, eta orube hori aprobetxatu bertan eraikitzeko lantokia. Gobernuak ziurtatu zuen 40 milioi euro jarriko zituela obra hori finantzatzeko. ELAko Igor Peñalverrek azalpenak eskatu zizkion gobernuari horregatik: «Zer egiten ari den azaldu beharko digu. Gobernua zoru horien lizitazioa egiten egongo da, eta jakingo du nor dagoen zoru horiek eskuratu nahirik». Sindikatuek azaldu zutenez, Garapen Ekonomikoko kontseilariak du informazioa.

Atzean, Seat

Nahasmen horretan, ezin da ahaztu testuinguru orokorra. Berez, VWen bateria fabrika nagusia Sagunton (Katalunia) egongo da, eta zeldak muntatzeko fabrika eskuratu nahi du Iruñeak. LABeko Raul Portilloren arabera, Martorellgo (Katalunia) fabrika dago atzean: «Ez gaude Seatekin lehian, baina oraintxe haiek ari dira erabakitzen non egongo den fabrika hori».

Ez da oso ohikoa VWeko langileen batzordea elkarrekin agertzea, eta Portillok adierazi zion multinazionalari batasun hori ez dela gezurrezkoa. «Atzean sendotasun handia dago, ez dezatela pentsa ezerezean geratuko dela».

Laster hasiko den negoziazioari begira, sindikatuek ez zuten baztertu informazioa «xantaia gisa» erabili nahi duela VWk. Batzordeko kideek exijitu dute egungo enpleguari eusteko bermerik ematen ez bada, produktibitatea handitzeko orain arte onartu diren lan baldintzak berrikusi beharko direla, gorantz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute
Amazonek azpikontratatutako langileak protestan. ©ELA

Amazonen azpikontrata batek 61 langile kaleratu ditu Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Akordiorik gabe amaitu da enplegu erregulazio espedientea. ELAk erakunde publikoen permisibitatea salatu du.

Eguzki plakak Zumarragako etxe baten teilatuan ©Andoni Canellada (Foku)

Autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Jokin Sagarzazu

Eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako ez da obra lizentziarik beharko.

Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiko sarrera ©Jon Urbe (Foku)

Lasarte-Oriako Michelinen lau greba egun egingo dituzte

Jokin Sagarzazu

Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu dute sindikatuek. Astelehenean manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan. Gasteizko plantan ere deitu dute grebara, hurrengo astean.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...