Onintza Enbeita.
BIRA

Ura

2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Berriro ere gertatu egin da: urak bere bidea hartu du. Bai, entzun dut klima aldaketaren ondorioak direla lehortea, bero handia eta bat-bateko ekaitzak. Baina, urari leku asko kendu diogu, eta galdutakoa berreskuratu nahiak ere eragiten dio errekari gorantz egitea. Auzolanaren irudiek ileak puntan jartzen dituzte, eta pentsatzekoa da, astiro-astiro, apurtutako errepideak berreraiki egingo direla. Kontua da ea sakoneko arazoa konponduko ote diguten inoiz, ala ea gure agintariek behar adina ulertzen dituzten naturak emandako mezuak. Arazoa ez baita Tafallakoa bakarrik. Arazo hori dago Euskal Herriko herri askotan: errepideak, trenak eta etxeak egin ditugu ubideen gainean, eta, lantzean behin, naturak gogorarazi egiten digu zenbat lur ostu diogun. Ez, inork ez du merezi uholdeek haren etxea har dezaten.

Hala ere, ikasi egin behar dugu halakoetatik. Porlanak lehentasun izateari utzi behar dio, eta hobe gaur bihar baino. Lurra, ura eta airea ikusi, sentitu, arnastu eta zapaldu egin behar ditugu bizitzeko. Eta haiek ere bizirik behar dute. Aurrerantzean, edozein proiektu erraldoi aurkeztu baino lehen, hiru edo lau aldiz pentsatu behar lukete gure agintariek. Denak ez du balio. Atzera bueltarik gabeko zurrunbiloan sartuko gaituzte martxa honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.