Onintza Enbeita.
BIRA

Maite

2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ukabilarekin mahaia jotzen ikasi genuen takoien gainetik erori gabe. Lantzean behin oihu egiten irakatsi digu bideak; eta bide horrek berak irakatsi dit ingurukoak zaintzen dituzten emakumeak zein inportanteak diren. Erorita egon naizenean eskua luzatu didaten andre horiek izan dira jarraitzeko indarra. Zu, horietako bat zara, Maite. Maite Aristegi Larrañaga: emakumea, baserritarra, ama, laguna eta maitalea. Eta jendeak ikusten asmatu ez duen gauza gehiago. Zure ondoan minutu bat egin dugun guztiok jaso dugu bizkarrean aurrera egiteko behar genuen sakakadatxoa. Dantzan ikusi zaitugunok badakigu ez zarela askok pentsatzen duten bezain on hutsa (zorionez). Zurekin lan egiteko plazera izan dugunok badakigu zenbaterainoko konpromisoa daukazun herriarekin, lurrarekin, eta zergatik ez, bizitzarekin. Eta guk zu baino askoz hobeto zaindu gaituzu zuk gu. Euskal Herriak behar ditu zure moduko emakumeak eta aldi berean, askotan pentsatu dut, askok ez dutela merezi zuk ematen duzun guztia.

Gaur zure eguna da. Ez duzu nahiko Euskal Herri guztiak jakin dezan, baina nik nahi dut Euskal Herri guztiak jakin dezan Maite zenbat maite dudan. Bizitzari eskatzen diodan bakarra da ez zaitezela nire ondotik desagertu, eta nik ere zu zaintzeko aukera izan dezadala. Zorionak, Maite!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.