andoni egana
HITZ ETZANAK

Bizilagun

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Demagun albisteak elkarren bizilagun direla idatzizko hedabideetan. Barne orrialdeetan ez da festa handirik sortzen, eraikin berean jartzen baitituzte beti arlo bereko albisteak. Ekonomiakoak ekonomiako berrien ondoan, kiroletakoak kiroletakoen ezker-eskuin eta politikakoak politikakoen aldamenean. Lehen orriko albisteen nahasketak joko handiagoa ematen du, eraikin berean elkartzen baitira, egunero, askotariko jatorria duten berriak.

Eta askotan, elkarren ondoan bizitzen egokitu diren bi bizilagun harremanean jarrita, hobeto ulertzen da mundua, albisteak bakarka irakurrita baino. Atzo, elkarren bizilagun izatea tokatu zitzaien egunkari honen lehen orrian, honako bi berrioi: «Baionan gizon bat atxilotu dute eraso matxista bat egotzita» eta «Baiona. Besten ordez, udako egun arrunta». «Egun arrunta» eta «eraso matxista» elkarren ondoan. Ez dago mundua hobeto islatzerik!

Eraikin berean, beste bi bizilagun bitxi ere aurkitu ahal izan genituen. «Tobin eta Google tasen bilketa hitzartu du Jaurlaritzak Madrilen» ezkerrera, eta eskuinera «38 urte behar izan ditut nire ibilbideaz harro egoteko». Bi albisteak nahastuta, izan zitezkeen Urkullu Lehendakariaren hitzak. 38 urte, transferentziak, LOAPA... Maialen Chourrautenak ziren!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.